Zaharren egoitzaren gaineko galdeketak hiru aukera eskainiko ditu

Miren Arregi Amasorrain 2008ko aza. 3a, 17:05
Hiru aukera, Eskoriatzako Mesedeetako Amaren Zaharren egoitzarekin zer egin erabakitzeko. Eskoriatzako udalak, egoitzaren etorkizunaren gainean herritarrei galdera egitea erabaki du. Hiru aukera izango dituzte eta horietatik bat aukeratu beharko dute. Botoa emateko aukera, Eskoriatzako 3.474 pertsonak izango dute.

16 urtetik gorako 3.474 pertsonak izango dute aukera zaharren egoitzaren etorkizuna erabakitzeko. Udalak, hiru aukera emango dizkie herritarrei, eta euren hori aukera horietatik baten aldeko autua egin beharko dute. Lehenengo aukerak esaten du, egungo eraikina bota barik, hobetu egin beharko litzatekeela eta kudeaketa udalarena izan beharko litzatekeela. Kasu horretan, egungo plaza kopurua mantenduko da.

Bigarren aukerak ere eraikina mantendu baina berriztatzeko bidea ematen du, baina kasu horretan, kudeaketa pribatua izango litzateke eta GSR izeneko enpresa arduratuko litzateke horretaz. Lehenengo aukeran bezala, oraingo plaza kopurua mantenduko litzateke, hau da, 32 plaza, hain justu.

Hirugarren aukera da, egungo eraikina bota eta berria egitea. Kasu horretan, oraingo 32 plaza horiez gain, beste 24 toki berri sortuko lirateke. Kasu horretan baina, beste aukera barik, kudeaketa pribatua izango litzateke.

Egoitzaren egungo egoerak Mesedeetako ama berehala egokitzea eskatzen du, izan ere, foru aldundiaren irizpide teknikoen arabera ez du indarrean dagoen araudia betetzen. Galdeketa azaroko azken astean egingo da, hau da, hilaren 19, 20, 21 eta 22an, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Galdeketan irteten dena, egin egingo da. Beraz, galdeketaren emaitza loteslea izango da.

Udaleko ordezkariek, ekimen horrekin, herritarren parte hartzea bermatu gura dute.

Galdeketak ahalik eta parte hartze handiena izan dezan, oraingo astean eta hurrengoan, hitzaldi zein mahainguruak antolatu dituzte. Hala, hitzaldiak oraingo astean egingo dira.

Hurrengo astea berriz mahainguruena izango da, hain zuzen ere, hilaren 12an eta 17an, arratsaldeko 7retan Ibarraundin, eskoriatzako elkarte guztiek eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango duten mahainguru bat ere antolatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak