Zaharren egoitzaren etorkizuna zein izango den eztabaidagai

Iker Barandiaran 2008ko urr. 2a, 20:30
Udalerriko Mesedeetako Amaren egoitzaren etorkizuna eztabaidagai dago. Aldundiak Udalari behin baino gehiagotan esan dio ezinbestekoa dela egoitzan aldaketa sakonak egitea gaur egungo legedira egokitzeko. Gai hori eztabaidatzeko, Udalak eta Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Sailak hainbat batzar egin dituzte, baina ez dira adostasun oso batera heldu.

Mesedeetako Amaren egoitza Jose Arana filantropoak utzitako diruarekin egin zuten aspaldi, eta berau kudeatzeko ardura herriko patronatuak dauka. Patronatu hori parrokoak, Udaleko ordezkariek eta zenbait herritarrek osatzen dute.

Udalak Aldundiari behin baino gehiagotan esan dio zaharren egoitzen eskumena Aldundiarena dela; hala, hobekuntzak egin behar badira Gipuzkoa Foru Aldundiak diruz lagundu beharko duela.
Horren aurrean, Aldundiak onartu du egoitza eraberritzeko laguntzak ematea, baina zenbait baldintza jarri ditu. 

Egoitza berria edo eraberritu

Hala, Aldundiak bi aukera jarri dizkie mahai gainean Udalari eta egoitzaren ardura daukan patronatuari: bata, gaur egungo egoitza botatzea eta berria egitea. Hori egiten badute, ezinbestekoa izango da gaur egungo 32 plaza mantentzeaz gain, psikogeriatriako beste 24 jartzea. Aurreikusitakoaren arabera, egoitza berria egiteak lau milioi euroko kostua izango luke, eta Aldundiak eta GSR enpresak erdibana ordainduko lukete.

Beste aukera da gaur egungo egoitzari aldaketa sakonak egitea. Kasu horretan gaur egungo plaza kopuru bera izango luke. Horren kostua 1,6 milioi eurokoa izango litzateke; hortik 900.000 euro Aldundiak eta GSR enpresak jarriko lukete, eta gainontzekoa, berriz, Udalak eta patronatuak.

Kudeaketa, GSR-ren esku

Bi kasuetan, Aldundiak diruz laguntzen badu, egoitzaren kudeaketa Mondragon Taldearen GSR enpresak eramango luke. Baldintza hori jarri du Aldundiak.
Udal gobernutik jakinarazi dute zaharren egoitza GSRk kudeatzea ez dutela argi ikusten. "Hala egiten badugu, ongizateko zerbitzu bat enpresa pribatu baten eskutan utzi beharko dugu, eta ez dugu uste hori aproposa denik", azaldu zuen Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek.

Herritarrei galdetuko diete

Lasagabasterrek azaldu zuen orain dela hamar bat urte, egoitzaren inguruan etxebizitzak egiteko asmoa egon zela, baina herritar asko kontra agertu zirela.
Hala, udal gobernuaren asmoa da urrian egoitzaren egoeraren gainean herritarrak informatzea, eta azaro aldean herritarrei iritzia eskatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak