XII. Ferixiek herrigunea saltokiz, ekimenez eta jai giroz beteko du

Iker Barandiaran 2008ko eka. 5a, 15:04
Aurtengo berrikuntza nagusiena izango da egingo duten gazta dastatze eta txapelketa. Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' aizkolariak ikuskizuna egingo du ikastolaren aurrealdean eguerdian

Eskoriatzako Ferixie da urtean herrian egiten diren ekitaldietatik garrantzitsuenetako bat. Arizmendi Ikastolako Jose Arana guneak antolatzen duen arren, Udalaren eta herritar askoren laguntza itzela jasotzen du. Hala, aurten ere 140 bat pertsonek lan egingo dute egun horretan. Horren artean daude gurasoak, aitona-amonak, irakasleak eta herriko hainbat elkarteetako partaideak, hala nola Amuskako emakumeak, dantzariak, trikitilariak eta beste.
Azken urteotan Rosa Elizburu irakaslea izan da azoka antolatzearen arduraduna. Aurten, berriz, Olatz Arrese eskoriatzarrak hartu dio lekukoa. Arresek sei urte daramatza Jose Arana gunean irakasle eta gogotsu hartu du ardura berria.  
 
Herria saltokiz beteta
Aurten ere marka ederra egingo dute artisautzaren eta elikagaien saltokiekin. Guztira, 90 saltoki jarriko dituzte herrian. Horietatik 53 artisauek jarriko dituzte; eta 31 barazki eta elikagaiak saltzen dituztenek. Horiez gain, baserrietako tresneria eskuragarri jarriko duten batzuk, organo emaileena, Txiapasekin elkartasun taldekoena, Jose Mari Arkauzek turroia saltzeko jarriko duena eta Arizmendiko ikasleek jarritako beste batzuk ere izango dira.


Herritar asko ere saltzen
Mota askotako artisau lanak egongo dira eskuragarri: egur taila, pilota, xaboia, bitxiak, larrua, abarkak, albokak, jostailuak, arropak, euskal jantziak, artilea eta beste. Horietatik zazpi eskoriatzarrek egingo dituzte, eta beste lau ibarreko beste herrietakoek.
Barazki eta elikagaiei dagokionez, 31 jarriko dituzte. Horietatik zazpi Eskoriatzakoak izango dira eta hiru bailarako beste herri batzuetakoak. Eskoriatzarren kasuan hiruk gazta salduko dute eta gainontzekoek barazkiak. Kontuan hartu behar da horietako gehienek ez dutela euren produktuak salgai jartzen.

Gazta dastatze eta lehiaketa
Aurtengo berrikuntza nagusiena herriko plazan egingo duten gazta dastatze eta lehiaketa izango da. Lehenengo aldia da egiten dutena, eta herriko hiru gaztagilek (Asier Herizek, Mila Goñik eta Arruakua baserrikoak) esku hartuko dute. Antolatzaileek bakoitzari bina gazta erosiko die eta gura duten herritarrek gazta dastatzeaz gain, gustukoena bozkatu beharko dute. 
11:00etatik 12:00etara izango da gazta dastatzeko aukera herriko plazan. Herritarrek bozkatu ostean, 12:00etan txapela emango diote aukeratutako gazta egileari. Hala, orduan jakinaraziko dute zeinena den gazta bakoitza.

Aizkolarien ikuskizuna
Aurtengo ekitaldi berezia Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariaren erakustaldia izango da. Bihurri-k munduko errekorra dauka esku bakarrarekin enborrak mozten. 13:00etan ikastolaren aurrealdean izango da erakustaldi hori eta hainbat saio egingo ditu: esku bakarrarekin mozten, hiru metro eta erdiko zabalera daukan enborrarekin eta motoserrarekin, hain zuzen ere. Horrez gain, munduko aizkolari gazteena, 8 urte dituen semea, ere ekarriko du berarekin.

Herri bazkaria
Horiez gain, 12:30ean, Eskoriatzako dantza taldeak, txistulari eta trikitilariekin batera, ikuskizuna egingo du herriko plazan.
14:00etan, berriz, sari banaketa egingo dute 14:00etan. Hala, txorimalo lehiaketako sariak banatzeaz gain, artisau eta elikagai saltoki onenei ere sariak emango dizkiete. Guztira, sei sari banatuko dituzte.

15:00etan, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan. Umeendako eta helduendako menuak prestatu dituzte, eta oraindik txartelik eskuratu ez duenak jo dezala lehenbailehen Jose Aranara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak