Uztailetik aurrera %20,1 igoko da zaborraren tasa

Mirian Biteri 2009ko apirilaren 20a

Apirilaren 7an egindako osoko bilkuran hiri hondakin solidoak jasotzeko, garraiatzeko eta birrintzeko, Debagoieneko Mankomunitateak kudeatzen duen zerbitzuaren gaineko tasa %20,1 igotzearen alde azaldu zen udalbatza.

2009ko lehenengo seihilekoan Udalak %10 igo zuen esandako tasa. Hortaz, Eskoriatzako familia gehienak iaz 36,04 euro ordaintzetik, 39,64 euroko tasa ordainduko dute datozen hilabeteotan. Horren harira, esan beharra dago, Udalak dagoeneko lehenengo seihileko faktura ordaintzeko epea zabaldu duela gaur, apirilak 20; ekainaren 5a arte luzatuko da hori. Udalak onartutako %20,1eko igoera horrekin, herriko 1.500 familia baino gehiagok, bigarren seihilekoan, 47,60 euroko fakturari egin beharko diote aurre. 


Igoera horrek badu arrazoi bat. Jakina denez, uztailetik aurrera, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hartu du bere gain orain arte Mankomunitateak kudeatzen duen zerbitzuaren zati bat. Zehazki, hondakinen transferentzia eta zabortegirainoko garraioa eta Mankomunitateak ordaindu beharko dio Partzuergoari zerbitzu horregatik.

Bozkaketa

Osoko bilkuran, Udal Gobernua ordezkatzen Pedro Lasagabaster alkateak eta Dorleta Lezetak, EAJko Aitor Urrutia eta Begoña Eraña zinegotziek, EB-Berdeak taldeko Juan Luis Merinok aldaketa horren alde bozkatu zuten eta PSEko zinegotzi Iñaki Pierrugues, berriz, abstenitu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak