Urteroko kontzertua eskainiko du zapatuan bandak, parrokian

Mirian Biteri 2009ko aza. 18a, 19:25
Domekan, azaroak 22, Santa Zezilia eguna da; musikarien eguna, hain zuzen ere. Hori ospatzeko, Eskoriatzako musika eskolako bandakoek kontzertua eskainiko dute zapatu iluntzean.

Ohikoa den moduan, San Pedro parrokian izango da hori, 20:00etan. Musika emanaldian askotariko adineko 35 kide inguruk parte hartuko dute; gazteenak 12 urte ditu eta nagusienak, berriz, 60 urtetik gora.

Errepertorioa

Bandak dagoeneko zehaztu du aurtengo kontzertuko errepertorioa. Horren harira, gogoratu behar da urtero kontzertu ezberdina ematen dutela. Hiru ordu laurden inguru iraungo duen emanaldian, Michael Friedmann konpositorearen Festmarsch, J. Forden D'Schangfloppen, Jan D' Haanen Orlando Suite, Emilio Cebrianen Acuarelas campesinas eta Peter Kline Schaarsen All I ask of you piezak joko dituzte musikariek; azken hori The Phantom of the Opera-ren zatia dela jakinarazi digute.

Bost pieza horietaz gain, betiko moduan, kontzertua amaitu aurretik seigarren bat ere joko dutela esan digute herriko musika eskolako bandakoek. Dena dela, ez dute nahi izan pieza horren gaineko informaziorik eman.

Zapatuko emanaldia prestatzeko esfortzu berezia egiten dute bandakoek, Santa Zezilia eguneko kontzertua ikusteko parrokia bete egiten delako. Urte osoan dituzte entseguak, egubakoitzetan. Bihar, San Pedro parrokian bertan egingo dute azken entsegua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak