Urtero moduan, herriko bandak Udaberriko kontzertua eskainiko du zapatuan

Mirian Biteri 2009ko mai. 7a, 15:08
Eskoriatzako Musika Eskolako bandak udaberriko kontzertua eskainiko du zapatuan, San Pedro parrokian. Urtero egiten duten ekimena klasiko bilakatu da dagoeneko; eskoriatzarren artean harrera oso ona du musika emanaldi horrek. Meza amaitu ostean emango diote hasiera, 20:00etan.

Urtero bost obraz osatutako egitaraua gertatzen dute bandako kideek. Aurten ere horrela izango da. Emanaldia Salvador Ginerren L' Entrá De La Murta piezarekin hasiko da eta jarraian, Eric Van Lanckerren Celebration Overture, Johan Nijsen Spirit of Life, Jose Francoren Aires Vascos nº 1 eta, azkenik, George Gershwin autorearen Porgy and Bess joko dute musikari eskoriatzarrek.

Betiko moduan, seigarren obra bat ere joko dutela iragarri dute bandakoek, musika emanaldia ikustera joan direnei eskerrak emateko. Hala ere, ez dute aurreratu nahi izan pieza horren izenbururik; nahiago dute "sorpresa" izatea. Kontzertuak, guztira, 45 minutu inguru iraungo du.

35 lagun inguru

Guztira, 35 bat lagunek joko dute San Pedro parrokian. Gaztetxoenek 12 urte dituzte eta nagusienak, berriz, 55 urtetik gorakoak dira.

Jakina denez, udaberrikoa ez da bandak eskaintzen duen kontzertu bakarra: azaroan Santa Zeziliaren harira, abenduan Gabonetan eta San Pedrotan ere jotzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak