Eguenean, hilaren 31n, Urdelardero Eguna egingo dute. Beste herrietan Eguen-gizen deitzen duten horretan, Eskoriatzan ume eta gaztetxoak baserritar jantzita irteten dira. Ez hori bakarrik, kalez kale kantuan ibiltzen dira eskuetan ziria dutela. Eta ziri horren barruan txorizoa, ogi-zatia, sagarra edo beste janariren bat eramaten dute, eurek gura dutena. Eskoriatza da ohitura hori duen herri bakarra.
Kalejira amaitutakoan, 11:30ean, herriko plazan txistorra banatuko diete herriko txikienei.
Honako kantua abesten dute herrian: Urdei lardero / urdeixa janda / bazkaixa gero / hor goixen itturri bat / haren gainean txori bat / ura pil-pil etorri da / Etxekoandre zabala / etxe oneko alaba!!
Mozorro lehiaketa Aratusteetan
Aspaldiko partez, mozorro lehiaketa antolatu du Udalak. Eskoriatza.net webgunean kontsulta dezakezue Aratusteetako egitaraua, baita mozorro lehiaketaren gaineko oinarriak ere.