Lan horretan egileak azaldu du ura ez dela behar bezala baloratzen eta hainbat arazoren iturburu dela; baita horiek aztertu eta irtenbideak mahai gaineratu ere. Bestalde, bertako produktuak kontsumitzea iraunkortasunarekin lotuta dagoenez, intxaur-saltsa dastatzeko aukera egongo da liburuaren aurkezpenean.
Hamar enpresa
Horretaz gain, hamar enpresak euren produktuak ezagutaraziko dituzte: Arcilandek, egurrezko etxeak; Bidatekek, urak arazteko zizare bidezko sistemak; Ecogrifok, txorrotetan ura aurrezko gailuak; Eurenerrek, eguzki plakak; Ingekak, geotermia; Kapelbik, biomasa bidezko galdarak; Primeriak, konpostajea eta birziklatze sistemak; Resolnorrek, euri urak jasotzeko biltegiak; eta Taerrek, eguzki plaka bidez dabiltzan jostailuak, bizikletak eta motor elektrikoak. Oreka Arkitektura enpresa ere han izango da.
Azoka zapatu eguerdian zabalduko dute 14:00ak arte, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da. Domekan, berriz, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Joan den urtean bezala, herriko emakume talde batek taloak egingo ditu han.