Ibarraundi museoak ingurumenaren eta garapen jasangarriaren gaineko zikloa antolatu du datozen asteetarako. Jardunaldi horien gai nagusia ura izango da, Udalak azken aldian urari eta horren kontsumoari erabateko garrantzia ematen diolako. Are gehiago, udalerriko eskoletan ere gai bera landu izan dute Agenda 21 ekimenaren barruan.
Antolatu duten egitarau zabaleko lehenengo ekitaldia eguenean, hilaren 13an, izango da. Euskal Herriko Metereologia Zentroko zuzendari Margarita Martinek La importancia del agua en los movimientos migratorios berbaldia egingo du 19:00etan Ibarraundi museoan.
Hilaren 19an, berriz, Zaragozako Unibertsitateko irakasle Pedro Arrojok El papel de los municipios en la Nueva Cultura del Agua izango du berbagai Ibarraundi museoan, 19:00etan.
Erreka garbituko dute
Horren aurretik, baina, hilaren 16an, Erreka Eguna ospatuko dute. Udalak deialdi zabala egingo du egun horretan ahalik eta herritar gehienek garbiketa lanak egiten esku har dezaten. Ekimen horren helburua da jendeari erakustea zer den erreka garbitzea eta baita ere agerian uztea herritarrek zer-nolako zaborrak botatzen dituzten.
Zaborra jaso ostean, hori guztia herriko plazan batuko dute gainontzeko herritarrek ikus ahal dezaten; modu horretan kontzientziazioa pizteko ahalegina egingo dute.
Eraikuntza jasangarria
Ekimen horiek guztiez gain, hilaren 22an eta 23an eraikuntza jasangarriaren gaineko azoka egingo dute udal pilotalekuan. Bertan hainbat enpresek euren produktuak erakutsiko dituzte, eta alor horietan dauden berrikuntzak ezagutu ahal izango dira.
Une honetan Udaleko Ingurumen Sailak azokan esku hartuko duten enpresa eta ajentziak konfirmatzen dihardu. Hala ere, jakin badakite eraikuntza materialak, energia alternatiboak eta beste jorratuko dituztela.