Udalerriaren kale-izendegia eta bi mapa egiten dabiltza

Udalak enkargua egin dio enpresa bati udalerriko bi mapa eta kale-izendegia egiteko. Otsaila bukaerarako eginda egongo dela uste dute.

Mapa eta kale-izendegi horren 2.000 ale kaleratuko dituzte, eta Udalaren asmoa da udalerriko etxe bakoitzera bana bidaltzea. Horrez gain, udalerriko toponimia ere sartu dute horrekin batera.

1:15.000-ko eskala

Lehenengo aldia da Eskoriatzan halako lana egiten dena. 2004an  kale-izendegia kaleratu zuten, baina horrez gain, ez da beste halakorik egin.

Gasteizko Geograma topografia enpresa ari da lan hori egiten, eta horren truke 12.000 euro inguru ordainduko dizkiote. Horren harira, esan beharra dago Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak kostu horren %60a finantzatuko duela.

Mapak 1:15.000ko eskalan egingo dituzte, eta hiru atal izango dituzte:

  1. Kale-izendegia.
  2. Hegazkinetik egindako planoa.
  3. Plano orokorra.

Hiru bat enpresek aurkeztu zituzten aurrekontuak, baina Udalak Geograma aukeratu zuen horien artetik. 

Udalak lehendik ezagutzen zuen Geograma enpresa orain dela urteren bat udal zerbitzu guztiak (argiteria, saneamendua, ura...) digitalizatzeko ardura hartu zuelako.

Aipatutako mapa eta planoei Udalak batu dizkie, baita ere, udalerriko toponimiaren gaineko laburpen bat eta udalerrian sakabanatuta dauden elementu prehistoriko guztien zerrenda, hain zuzen ere.     

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.