Udaleko osoko bilkurak onartu zuen Trafikotik jasotako eskaera onartzea. Alderdi guztiek baiezko botoa eman zioten, EB izan ezik. EBko ordezkariak jakinarazi zuen berak ez zuela proposamena irakurtzeko aukerarik izan.
Aldaketa horren oinarri nagusia da urtarriletik aurrera udalerriko zirkulazio isun guztiak Udalak berak kudeatuko dituela.
Delegaritzaren aldaketak
Bitxikeri moduan orain dela hiru bat urte Trafikoko delegaritzak agindu zien udalei zirkulazioaren eskumen guztiak berak hartuko zituela. Orain, berriz, isunei dagokiena udalei itzultzeko asmoa dauka. Udalek ez daukate horri kontra egiteko aukera askorik.
Hortaz, eskoriatzarrek dagoeneko ez dute Donostiara isunak ordaintzera joan behar izango; horren ordez herrian bertan kitatuko dituzte zorrak.
Eskoriatzako Udaltzaingotik jakinarazi digute hiru motatako isunak jarriko dituztela: arinak (30 eurotik gora), larriak (100 eurotik gora) eta oso larriak (301 eurotik gora).
Hiru motatako isunak
Isun arinak aparkamenduarekin lotutakoak izango dira; larriak eragozpen handiak sortzen dituzten aparkatzearen gainekoak edota kontrako zentzuan gidatzen dutenendako; eta oso larriak edanda gidatzea, zabarkeriaz aritzea edota herritarrak arriskuan jartzea.
Urtean hiru bat isun arin eginez gero, hirugarrena larria izango da.