Udalak kirol zerbitzuak hobetzeko asmoa dauka

Iker Barandiaran 2008ko apirilaren 11

Boulder eta skate guneak egin gura dituzte; eta, besteak beste, kiroldegiaren barruan hainbat birmoldaketa egiteko asmoa dute epe ertainean.

Eskoriatzako Udala udalerriko kirol zerbitzuak hobetzeko asmotan dabil aspaldian. Hain zuzen ere, alor horretako azpiegitura batzuk zaharkituak gelditu dira  eta sortu diren beste premia batzuei irtenbidea emateko berriak ere behar dituzte.


Horrekin lotuta, Udaleko Kirol azpibatzordeak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi dizkio 2011ra bitartean kirolaren alorrean esku artean izango dituen proiektu nagusienak. Guztira, Udalak 490.704 euroko gastua aurreikusi du proiektu horiek guztiak gauzatu ahal izateko.
Esku artean daukan asmoetako bat da Olaetako pilotaleku irekia estaltzea. Horretarako, 115.454 euro beharko dituzte eta irailerako egin gura dute. Bizilagunek egin izan dute frontoia estaltzeko eskaera.

Gaztañadui pilotalekua
Pilotalekuekin jarraituta, Kiroletako azpibatzordeak erabaki du Gaztañaduikoa ere berritu beharrean dagoela. 23.200 euro beharko lituzkete, eta 2009aren hasierarako egingo lukete.
Kiroldegiari dagokionez, hori ere zaharkitua gelditu da arlo batzuetan. Horregatik, gimnasio berri bat egin, igerileku gunea eta aldagelak berrantolatu eta sarrerako kontrola hobetu gura dute. Egitasmo horiek 2010erako egingo lituzkete.
Bestalde, kiroldegitik gertu, Luis Ezeiza herri eskolako kantxako lurzorua aldatzea ere proposatu dute.

Boulderra eta skate gunea
Zerbitzu berriei dagokionez, Udalak adostu du eskoriatzarren zaletasunak asetzeko, bestelako zerbitzuak jartzeko beharra dagoela. Hala, aztertzen dabiltza patinatzaileendako skate gune bat non kokatu; eta baita lokal bat egokitzea eskalada zaleendako boulder areto bat egiteko.
Horrez gain, eskualde mailan herri kirolak bultzatzeko asmoarekin, kirol mota horiek egiteko materiala erosiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak