Udalak hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza onartu du

Mirian Biteri 2009ko mai. 28a, 17:38
Atzo egindako osoko bilkuran, Eskoriatzako udalbatzak udalerrian hileta ospakizunak edo omenaldi zibilak egiteko ordenantzari hasierako onarpena ematea adostu zuen. Araudi berri horrek bilkuran parte hartu zuten zinegotzi guztien aldeko botoa jaso zuen.

Araudi horren helburu nagusia hileta ospakizunak edo omenaldi zibilak egiteko udal lokalen erabilera eta baimena arautzea da. Alkateak edo hori ordezkatuko duen zinegotziak edo auzo alkateek horietarako gordetako espazioak erabiltzea baimendu ahalko dute, betiere senitartekoak edo dagokionak Udaleko erregistrora bidali beharreko agiriak jaso ondoren. Eskaerak alkateari zuzenduko dizkiote; hileta edo omenaldia landagune bateko espazio publiko baten egin gura baldin badute, baina, auzo alkateari igorriko dizkiote.

Eskaeran, besteak beste, honakoa adierazi beharko da: ospakizuna egiteko baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa; hildako pertsonaren izen-abizenak eta heriotza ziurtagiria; ekitaldia zein egunetan eta ordutan egin nahi den; eta ekimenaren deskribapen laburra eta beharko duten materiala.

Aurreikusitako Tokiak

Tokiei dagokienez, Udalak zehaztu du herrigunean Ibarraundi museoan, Udal Pilotalekuan eta Santa Marina eta Eduardo Gorosarri plazan egingo direla. Landaguneetan, berriz, auzo alkateek izango dute lekuak izendatzeko ardura, betiere alkatearen oniritziarekin.

Arautegiak dio administrazioak, ahal den neurrian, eskaeran zehaztutako eguna eta ordua errespetatuko dituela eta horretarako, eskaerak egin diren ordena hartuko dela kontuan. Horren harira, baina, ordenantzan jasotzen da hiletak edo omenaldiak astelehenetik domekara egingo direla, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Zeremoniak, bestalde, 45 minutu iraungo du, gehienez.

Udaltzaingoa, kanpoan

Gainera, jakinarazten da irauten duen bitartean Udaltzaingoa kanpoan izango dela, ekitaldia arazo barik egingo dela bermatzeko. Senitartekoek edo adiskideek udal lokala apaindu nahi badute, aurrez eta nahiko denboraz horren berri eman beharko diote Udaltzaingoari, hark hartu beharreko erabakiak har ditzan; hala ere, araudiak dio lekuaren harmonia eta ezaugarriak errespetatu beharko dituztela beti, eta sor daitezkeen gastuak bere gain hartu beharko dituztela.

Espazio publikoa erabili nahi badute, berriz, eskaeran hori ere zehaztu beharko dute. Horren harira, Udalak erabili gura den espazio publikoa hesituko du.

Alegazioak aurkezteko epea

Esan bezala, atzoko bilkuran hasierako onarpena eman zioten ordenantzari. Orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, 30 eguneko epea zabalduko dute testu horri ekarpenak edo alegazioak aurkezteko. Horrelakoak egonez gero, udalbatzak horien gainean jardun beharko du; bestela, automatikoki onartuko da araudia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak