Batzar horietan honako ordezkariek esku hartu dute: Bidegiko zuzendari Borja Jauregi eta Aldundiko Errepideetako arduradun Eneko Goia, alde batetik; eta Pedro Lasagabaster alkatea, Udaleko Azpiegitura batzordeko buru Leire Okarantza, Maringo auzo alkate Unai Salaberria eta Mazmelako auzo alkate Juan Carlos Beloki, bestetik.
Hutsetik hastea
Bidegiko eta Udaleko ordezkariek adostu zuten bien arteko elkarrizketak hutsetik hastea. Izan ere, aurreko legealdian orduko udalbatzarrak eta Bidegiko orduko buruek egindako elkarrizketak apurtu egin zituzten eta, gainera, dagoeneko erakunde bakoitzeko ordezkariak zeharo aldatu dituzte.
Horrez gain, azpimarratu zuten autobidearen gaineko zalantza eta kontu guztiak zuzenean Bidegik eta Udalak landuko dituztela, eta ez dela beste bitartekaririk egongo.
Adostu zuten beste puntu bat da ez Bidegik eta ezta Udalak ezingo dutela beste erakundeetako ordezkaririk aukeratu ezta kentzeko eskatu.
Jarrera irekiak bien aldetik
Hala, lehenengo harremana egin eta gutxiengo batzuk adostu ostean funtzionatzeko arauak erabaki zituzten.
Bien aldetik jarrerak oso irekiak izan direla azaldu digu Pedro Lasagabaster alkateak. Are gehiago, mahai gainean jarriko dituzten gai guztiak aztertzeko konpromisoa hartu zuen Bidegiko zuzendari Borja Jauregik.
Hamabostero batzarrak
Hamabostean behin batzartuko dira bi erakundeetako ordezkariak, eta horretarako Eskoriatzako Udala eta Bidegik Zarautzen duen egoitza, biak, tartekatuko dituzte. Are gehiago, batzar bakoitza bukatu ahala hurrengorako data zehaztuko dute.
Horiek guztiak finkatu ostean Udalak azaldu zizkien herri barruko eta elizateen egoera zehatzak. Hain zuzen ere, Pedro Lasagabaster alkatearen esanetan horiek dira premia nagusienak: "lanak egiten dabiltzan bitartean elizateetan bizi duten egoerari irtenbidea ematea; eta udalerriko sarreran, Intxaurtxuetan, egiten dabiltzan lanen eragina txikitzea, alegia".
Hala ere, alkateak onartu zuen oraindik ez direla gairik gai arazoak zehazten eta horiei benetako konponbidea adosten. Hori laster egingo dutela aurreratu zuen.
Azpiegitura batzorde mistoa
Horretarako, Eskoriatzako udalbatzak asmoa du datozen egunetan Azpiegitura batzordea indarrean jartzeko.
Hala, batzorde horrek izango du autobidearen lanen gainean sortuko diren kezka eta eskaerak jaso eta lantzeko ardura. Horren ostean, Bidegirekin egin beharreko batzarretara eramango dituzte landutako gaiak.
EAE-ANV eta Elizateetako ordezkariek jakinarazi dutenez Azpiegitura batzordea zinegotziez gain, udal teknikari, auzo alkate eta bestelako herritarrek osatuko dute; hau da, mistoa eta irekia izango da, eta ez dira bakarrik politikariak arituko; zabalik egongo da.