Pedro Lasagabaster alkateak azaldu du hasiera batean esandako lur eremuan 51 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusi zuela Udalak. Aldaketa berriarekin, baina, 25 etxe gehiago egingo direla jakinarazi du: 76, hain zuzen ere.
Edozelan ere, eraiki ahal izateko lur eremua txikitu egin dela eta, beraz, han aurreikusita zeuden etxebizitzen tipologia aldatu beharko dutela esan du. "Eraikitzeko erabiliko den eremua txikituko denez, etxeek metro koadro gutxiago izan beharko dituzte", adierazi du Lasagabasterrek.
Sukibide eraikuntza enpresari dagokio promozio berri hori aurrera eramatea. Dagoeneko Elorretan egina dituen etxebizitzen ondoko urbanizazioaren jarraipena da hori. Orain arte bi bizitzako etxeak eraiki ditu han Sukibidek.
Lanekin hasterakoan
Alkatearen esanetan, lursail horretako lanekin hasi zirenean jakin zuten goi-tentsioko lineak pasa behar zuela handik. Horren gaineko informazioa pilatu ostean, egoera berriaren aurrean hartu beharreko erabakia aztertzeari ekin zioten. "Goi-tentsioko linea baten azpian ezin da ezer egin, eta, linea hori esandako lur eremutik igarotzen denez, Elorretako plan partziala aldatu behar izan dugu", dio.
Pozik agertu da Lasagabaster plan partzialean egindako aldaketarekin: "Positibotzat hartzen dugu aldaketa hori. Esan bezala, ez da lur gehiago erabiliko; eraikitzeko dentsitatea handituko da. Etxe handiak egin beharrean, zabalera txikiagokoak egin beharko dituzte han. Plan arrazionalagoa iruditzen zaigu".
Proiektua lantzen
Sukibide enpresarekin ere harremanetan jarri gara, aldaketa horren gainean duten iritzia jasotzeko. Proiektua lantzen dabilela jakinarazi digute. Lur eremu horretan aurreikusita dauden etxebizitzen tipologia zehazten dihardu, besteak beste, enpresak.