Udalak elizateetako bideak ahalik eta azkarren konpon ditzatela eskatu du

Mirian Biteri 2009ko aza. 12a, 16:46
Jakina denez, Gipuzkoako Diputazioak Apotzaga, Zarimutz eta Mazmelako elizateetara doazen errepideetako bide zoruaren egitura erabat birgaituko du laster. Elizateetako zinegotzi Leire Okarantzak lanak "atzerapen handiarekin" iritsiko direla gogorarazi badu ere, Diputazioari eskatu dio obren hasiera "ahalik eta gehien" azkartzeko, bideen arriskuagatik.

Okarantzaren arabera, "elizate horietara doazen errepideak oso egoera kaskarrean daude eta, eguraldi txarrarekin, oso arriskutsu bihurtzen dira. Hortaz, tramiteak bete behar direla jakin badakigu ere, Diputazioari eskatu nahi diogu ahalik eta azkarren egiteko".

Horrekin batera, Okarantzak gogorarazi gura izan du AP-1 autobideak bestelako kalteak egin dituela Eskoriatzako elizateetan: "Kontua ez da lau bide bakarrik konpontzea; haratago doa gaia. Errepidea puntu bat baino ez da eta oraindik gauza asko daude egiteke". Adibide moduan, hondakindegiak aipatu ditu Elizateetako ordezkariak.

Bestalde, kexu da autobidea zabaldu denetik oso lan gutxi egin direlako ingurunean: "Udalak gestio lan guztia eta Diputazioak lanen esleipena egin dezatela gura du Bidegik. Irtenbidea bilatzeko lanean ari gara".

770.000 euro

Lan horiek egiteko, guztira, 770.000 euro bideratuko ditu.Diputazioak onartu egin du esandako bideak oso hondatuta geratu direla Eibar eta Gasteiz arteko autobidea eraikitzeko lanen eraginez: "Azken urteotan, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga (GI-3310) arteko errepidetik AP-1 autobideko lanetara sartzeko bide gisa erabili izan dira".

Horren harira, gaineratu du autobideko lanak egin bitarteko urteotan, errepide horietan mota guztietako ibilgailuen zirkulazio handia izan dela, bereziki ibilgailu astunena.
Horregatik, behar bezala konponduko dira. Bide zoruaren egitura honako puntuetan birgaituko da: Apotzagan, 0 kilometrotik 1,8 kilometro punturaino; Mazmelan, 0tik 0,77 kilometro punturaino; eta Zarimutzen, azkenik, 0tik 1,23 kilometro punturaino.  Hain justu ere, elizateraino doazen zatiak.

Diputazioak jakinarazi du esandako lanak dagoeneko enkantera aterata daudela, eta bi hilabete eta erdiko epean egin beharko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak