Udalak bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia egin du

Mirian Biteri 2009ko mar. 12a, 16:23
Eskoriatzako bake epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko deialdia egitea onartu zuen udalbatzak azken plenoan. Hautatutakoen izendapena lau urterako izango da eta titularraren ordainsaria 1.700 euro ingurukoa izango da.

Bake epailearen kargua betetzeko izena eman nahi dutenek, gutxienez, honako betebeharrak bete beharko dituzte: hamazortzi urte beteta edukitzea, Espainiako nazionalitatea izatea, Eskoriatzan bizitzea, 3. hizkuntza eskakizuna edo parekidea egiaztatzea, epaile funtzioa betetzeko ez-gaitasun fisikorik edo psikorik ez izatea eta kargu politikorik edo sindikalik ez edukitzea.
 
Karguan interesa dutenek Udalaren erregistro nagusian eman beharko dute izena, deialdi horren iragarki ofiziala Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasi eta ondorengo 15 lanegunetan. Atzo, eguena, oraindik argitaratu barik zegoen esandako deialdia. Izena ematerakoan kargua hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela jakinarazi beharko dute hautagaiek eta aldi berean, merezimenduak egiaztatzeko agiriak erantsiko dizkiote aurkeztuko duten eskaera-orriari.

Hautaketa prozesuan kontuan hartuko dena

Interesatuari, aurrez ez badu egiaztatu, eskatutako euskara maila neurtzeko proba egingo diote; baita elkarrizketa pertsonala ere, bake epailearen karguaren funtzio eta betebeharren gainekoa ere. Azken horretan lanpostua betetzeko egokitasuna neurtuko da eta gehienez bost puntu lortu ahal izango dira.

Ikasketak edo tituluak, bestalde, hiru puntura arte neurtuko dira. Puntuaziorik altuena zuzenbideak lizentziatuei emango zaie, karrerako praktikak egiteko lanpostu egokia delako. Azkenik, interesatuak langabezian daraman denborari ere garrantzia emango dio Udalak; gehienez, bi punturekin.

Epaimahaiko kideak

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: alkatea edo bere ordezko zinegotziren bat; Pertsonal batzordeko kide diren zinegotziak; Euskara teknikaria, euskara maila neurtzeko; eta udal idazkaria edo ordezkoa.

Iragarkia atarietan

Deialdi horren berri emateko, Udala iragarki hori herriko atarietan jartzen ari da egunotan. Dagoeneko herriko kaleetan banatu du eta datozen egunotan Elizateetara helduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak