Udalak AP-1eko kalteen gaineko txostena igorri die asteon autobideko arduradunei

Mirian Biteri 2009ko mai. 22a, 15:22
AP-1 autobidearen lanen amaiera dela eta, Eskoriatzako Udalak obra horiek behar bezala amaitzeko tramiteak egin eta kaltetuen eskaerak bideratzeko konpromisoa hartu zuen eguenean egindako plenoan.

Horren harira, udalerrian egin beharreko eskaeren gaineko Autopistako lanak amaitzeko zereginak eta eskaerak txostena igorri du asteon Diputazioko Bide Azpiegituretako eta Bidegiko arduradunei; eta baita Jaurlaritzako Ingurumen sailari ere, ibilgailuek eragindako zarata eta erreken egoeraren gainean, zeresana duelako sail horrek.

Txostenak dio autobidea gaur inauguratuko den arren, oraindik egiteke dauden lanak asko direla eta horren harira, neurri zuzentzaileak zein konpentsazio neurriak bultzatzeke daudela. Zonaldez zonalde egoera zein den jaso da dokumentu horretan.

Jarraipen estua

Gogorarazten du lau urte pasa direla udalerrian lanak hasi zirenetik. Horiek iraun duten bitartean, Eskoriatzako bizilagunek, eta bereziki kaltetuek, jarraipen estua egin diete horiei, Udal Azpiegituren azpibatzordearen eta Onbide.org elkartearen bidez. Horren harira, jakinarazi dute orain kezkatuta daudela amaiera lanek eta egokitzapenek hartu duten norabidearekin.

Elizateetako zinegotzi Leire Okarantzaren arabera, "Lehentasuna autobideko bide zatia irekitzea zen, ados, baina gainerako lanak behar bezala amaituko zirela agindu zitzaigun. Lan horiek nola amaitu adosteko makinatxo bat bilera ere egin dugu bitartean. Proposamenak eta aukerak aztertu eta adostu ere bai. Baina ekintzek ez digute horrelakorik erakusten; badirudi lanak bukatu eta alde egitea dela helburu bakarra".

Neurri zuzentzaileak

Txosten horretan martxan jarri beharreko hainbat neurri zuzentzaile jaso dira; tartean, Marin, Zarimutz, Mazmela eta Apotzagako errepideak nahiz herriko errepide nagusian eragindako kalteak guztiz konpontzea exijitu dute; baita Marin, Zarimutz eta Mazmelako erreka-bazterrak eta natura-guneak berreskuratzea eta moztuta geratu diren lurrei eta etxeei behin-betiko sarbide egokiak ematea.

Bestalde, lanen ondorioz kaltetu diren zerbitzuak eta bereziki ur-hornidura sarea behar bezala birgaitzea eta obrek iraun duten bitartean erabilitako nekazal lurrak baserritarrei eta batez ere bertatik bizi diren jabedunei behar bezala txukunduta bueltatzea eskatu dute. Azken horren harira, lur begetala, belarra ereinda eta ingurunean garbituta itzuli behar direla diote.

Besteak beste, gainera, bide zati osoan itxidura egokiak, ur-drainadurak behar bezala bideratzea, eragindako lur-jauziak konpontzea eta beharrezkoa den tokietan zaratak murrizteko neurriak hartzea exijitu dute.

Konpentsazio neurriak

Bestalde, itzulezinak diren inpaktuak konpentsatzeko neurriak ere aurreikusi dira. Eguenean egindako plenoan PSEko zinegotzi Iñaki Pierrugesek ohartarazi zuen Legeak diola obren kostuen %1 kultura eta gizarte ekipamenduetarako bideratu behar dutela. Kopuru hori aparkalekuak egiteko; kaltetutako auzoetan interes sozialeko obrak egiten laguntzeko; eta nekazal jarduera duten baserritarrei, galdetutakoaren ordainetan lursail egokiak eskaintzeko erabiliko litzateke.

Apirilaren 6ko Eskoriatza eta Luku arteko zatiaren inaugurazioan eta apirilaren 21ean Bidegirekin egindako bilkuran, horren harira, autopistako arduradunengandik jasotako erantzuna positiboa izan bazen ere, ekintzak ez diotela horrelakorik erakusten eta hortaz, konpromisoak ahalik eta azkarren bete dezaten eskatu du, azkenik, Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak