Udala haserre, AHTko lanen isurketengatik

Iker Barandiaran 2009ko uzt. 19a, 23:28
Zapatuan, Eskoriatza erdigunean ikus zitekeen errekako ura beltz zetorrela. Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek jakinarazi zigun horren arrazoia AHTko lanetan egiten dituzten isurketak direla, eta Udala oso haserre dagoela.

Alkateak azpimarratu zuen martxotik askotan erreka ur zikinarekin jaisten dela. Are gehiago, gaineratu zuen Mazmelan tunel bat zulatzen dabiltzala eta hortik irtendako hautsak eta hondakinek eragiten dutela hori.

Hasieran, baimen barik

Lasagabasterren esanetan, Mazmelan lanak egiten dabilen enpresak maiatzean lortu zuen Jaurlaritzako Ur Saileko baimena, "isurketak hasi eta ia bi hilabetera". Horrez gain, alkateak azpimarratu zuen, baimen horrek baldintza zehatz batzuk dituela: "Garrantzitsuena da errekara bota aurretik, hauts, hondakin eta ur zikin hori araztegi batean tratatu behar dituztela, baina argi dago askotan ez dutela hala egiten".

Babestutako eremua

Alkateak azaldu zuen hainbat salaketa egin dizkietela AHTko lanak egiten dabiltzanei, uren zainketaz arduratzen diren arduradunei eta Jaurlaritzako Uren departamenduari. "Horiek egin ostean, hogei bat egunetan erreka garbi samar egon da, baina azken bi asteotan, batez ere asteburuetan, berriro zikin dator".

Lasagabasterrek jakinarazi du Udalak oraingoan Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen ministerioaren aurrean salaketak egin dituela, eta ez dutela isurketa gehiago onartuko.
Modu berean, alkateak azpimarratu zuen Deba ibaiaren goiko aldea dela garbi dagoen zati bakarra: "Horregatik, erakunde askok babesten dute eta interes handiko gune moduan izendatuta dago. Hori guztia kontuan hartuta, lotsagarria deritzogu lan garbiak egiten dabiltzala esan, eta bitartean halakoak egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak