Eskoriatzako zerga biltzaile Mari Carmen Ruanok azpimarratu duenez, taula horretan laburtuta azaltzen dira udal zergei 2009an aplika dakizkiekeen salbuespenak, hobariak eta beherapenak: "Helburu nagusia da herritarrak informatzea; azken urteotan behin baino gehiagotan gertatu zaigu herritar batekin egotea eta berarengan eragina duen hobariaren berri ez izatea; esaterako, ibilgailuen zergaren harira, ibilgailuaren jabeak %33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila izatea eta zerga ez duela ordaindu behar ez jakitea".
Azaldu digu, horrekin batera, egunotan banatutako taulan kiroldegiko tarifetan, ondasunen zergetan (kontribuzioa), obra eta ibilgailuen zergetan eta zaborraren tasen gaineko informazioa azaltzen dela.
Kirol zerbitzuak
Kirol zerbitzuei dagokionez, Eskoriatzako kirol elkarteak antolatutako ekintzetarako eta kiroldegirako honako taldeendako tarifa bereziak daudela jakinarazten da: kide anitzeko familiak, erretiratuak, langabetuak, elbarrituak eta ikasleak.
Ondasun higiezinen zerga
Hiri izaerako Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, kide anitzeko familiek eta babes ofizialeko etxebizitza eraiki berrietako jabeek %15 eta 50 arteko deskontua dutela azaltzen da; Etxebizitza hutsaren programa-rako utzitako etxebizitzenak %50eko hobaria dute eta etxebizitza izan eta hutsik dutenek, berriz, %150eko errekargua.
Landa izaerako zergetan, aldiz, 12/1989 Foru Arauan ezarritako honako hiru salbuespenak daude: Hazkunde makaleko espeziez landatutako basoak, 600 euro baino gutxiagoko oinarri ezargarria duten ondasunak eta Baso Administrazioak onetsitako antolamendu proiektuen menpeko baso birlandaketak. Azken horren harira, Foru Arauak dio salbuespenak 15 urtez iraungo du, eskabidea egin eta hurrengo zergalditik zenbatuta.
Ibilgailuak
Ibilgailuei dagokionez, 14/1989 Foru Arauak honako bi salbuespenak ezartzen ditu: ibilgailuaren jabeak %33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila izatea edo nekazaritza ikuskaritzaren kartila duten traktore eta atoiak izatea.
Horretaz gain, hiru hobari mota azaltzen dira Udalak egindako taulan: %100eko deskontua dute 25 urtetik gora dituzten ibilgailu historikoek; %75ekoa, ibilgailu berdeek; eta 27,5 euroko hobaria, 14tik 15,99 zaldi fiskalera bitartekoak izan eta enpresa jarduerara lotutako ibilgailu guztiak.
Zaborra
Zaborraren harira, jakinarazten da zaborra jasotzeko puntutik kilometro erdira dauden etxebizitzek ez dutela zerga ordaindu beharko; hiri lurrean zaborra jasotzeko edukiontzitik 150 metro baino gehiagora daudenek, lur ez urbanizagarriko tarifa; baserri auzoetako ostalaritza lokalak 150 metro baino gehiagora daudenek, dagokien tarifaren %40a eta auzo-etxeek etxebizitzetako tarifa aplikatuko zaizkiela. Azkenik, obra zergetan ere hainbat hobari daude aurreikusita.
Eskaria idatziz
Ruanok azaldu du zerga ordaintzean beherapenak aplikatzeko idatziz aurkeztu behar dela eskaria udaletxean, kasu bakoitzerako zerga-ordenantzak eskatzen dituen agiriarekin batera. Horren harira, aipatu du oraingoz herritar gutxik eskatu duela horren gaineko informaziorik.
Gaineratu du horren berri jaso gura dutenek 943 71 44 07 telefono zenbakira dei dezaketela; zergabiltzailea@eskoriatza.net helbidera idaztea edo udaletxeko bigarren solairuan dagoen zerga-bilketa zerbitzuan zuzenean galdetzea ere badago.