Udal aurrekontuak mahai gainean utzi dituzte

Mirian Biteri 2008ko abe. 30a, 14:54
Atzo iluntzean datorren urteko aurrekontu orokorraren gainean jardun zuten udaletxean. Oposizioko taldeek hala eskatuta, Udal Gobernuak aurkeztutako kontuak mahai gainean uztea eta urtarrilean sakonago aztertzea erabaki zuten han.

Udal Gobernuak ezin izan zuen atzo egindako aurrekontua aurrera ateratzea. Osasun arazoak zirela eta, gobernuan dagoen Dorleta Lezeta zinegotziak ezin izan zuen osoko bilkuran parte hartu eta EAJ, EA, PSE eta Ezker Batua-Berdeak taldeetako ordezkariak aurrekontuak sakonago aztertzea eta estutzearen alde azaldu ziren.

Bost milioi euro

Udalaren egoera ekonomiko txarra kontuan hartuta, aurkeztutako aurrekontu orokorra sinplea dela gogorarazi zien zinegotzi guztiei Pedro Lasagabaster alkateak. Bost milioi euro ingurukoa da hori. Gobernuaren asmoa da gastu arruntak ahalik eta gehien kontrolatzea. Oraindik zehazteke dauden inbertsioak egitea ere aurreikusi du; baina, horiek aparte doaz. Gobernu espainiarrak emandako 700.000 euro pasatxorekin egin nahi dira.

 

Taldeen iritzia

Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzi Juan Luis Merinok aldebakarreko aurrekontuak direla kritikatu zuen. Ez daudela ondo banatuta eta hainbat partida bertan behera utzi dituztela salatu zuen. Esaterako, Gobernuz Kanpoko Erakundeek edo alderdi politikoek jasotzen dituztenak. Hortaz, partida partida proiektu osoa aztertu eta akordioak lortzearen alde agertu zen Merino.


EAJko Aitor Urrutiak aukera handirik ez dagoela eta irtenbidea topatzea samurra ez dela onartu bazuen ere, udal gobernuaren kontuak mahai gainean uztea ere eskatu zuen. EAko Karmelo Lezetaren arabera ere, aurrekontuak hobeto begiratu behar dira.

PSEko Iñaki Pierrugues "arduratuta" agertu zen, Udal Gobernuak alderdi politikoen diru laguntzak bertan behera uztea erabaki duelako: "Zinegotzien lan politikoa aintzat ez hartzea arduratzekoa da". 

Alkatearen hitzak

Horren harira, Lasagabasterrek erantzun zion Udalaren egoera ekonomikoagatik hartu dutela esandako erabakia: "Liberatuen soldatak izoztu eta zinegotzien laguntzak kendu nahi ditugu. Etsenpluaren bidez predikatu behar dugu". 

Lasagabasterrek oposizioko taldeen jarrerarekin ez dela harrituta azaldu zuen. Aurretik egin diren Hazienda batzordeetan seriotasun falta egon zela eta ondorioz, urtarriletik aurrera egingo diren batzordetan gogoz jarduteko dei egin zuen.

Ohartarazi zuen, aldi berean, aurrekontuak ezin izango direla larregi aldatu, udalaren egoera ekonomikoagatik baldintzatuta daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak