Udal aurrekontua onartuta PSE-EE eta EAren babesarekin

Arritxu Barruso 2010ko api. 8a, 17:34
Eskoriatzako udalbatzak onartu du 2010eko udal aurrekontua: 5.062.084 euro, hain justu ere. Aurrekontu estua da; inbertsioetarako oso diru gutxi geratu zaie, aurrekontuaren %4 bakarrik. Alderdi Sozialistaren eta EAren aldeko botoekin atera du aurrera Udal Gobernuak aurrekontua; gainontzeko alderdiak abstenitu egin dira.
Eskoriatzako Udalak onartu du 2010eko behin behineko udal aurrekontua: 5.062.084 euro, hain justu ere. Pasa den eguaztenean egindako osoko bilkuran onartu zen;  Alderdi Sozialistaren eta EAren babesarekin Udal Gobernuko kideek zazpi aldeko boto lortu zituzten. Gainontzeko lau zinegotziak abstenitu egin ziren: EAJ (2), EB (1) eta Hamaikabat (1).

 

Pedro Lasagabaster alkatea pozik azaldu da eta azpimarratu nahi izan du legealdia hasi zutenetik babes gehien lortu duen aurrekontua dela aurtengoa. Gaineratu du zaila egin zaiela aurrekontua ixtea, udalaren egoera ekonomikoa konplikatua delako eta gastu arruntek aurrekontuaren zati handia hartu dutelako. Zehatzagoak izateko, gastu arruntek aurrekontuaren erdia hartu dute; besteak beste, Aitxorrotzeko azterketa arkeologikoekin jarraitzeko eta elizateetako ur deposituak konpontzeko. Horrez gain kapitulu honetako gastua igo egin da etxeko laguntza zerbitzua areagotu egin delako eta kirol jarduerek ere gora egitea aurreikusten dutelako.

Hori guztia kontuan izanda, Eskoriatzako Udalari diru gutxi geratu zaio inbertsioetarako; aurrekontuaren %4,5 bakarrik. Hori horrela, alkateak azaldu du diru-laguntzak onartuta dituzten proiektuak bakarrik sartu dituztela: "Inbertsioen atalean proiektu potoloena Zubietako labearen eraberritze lanak bukatzea da eta 55.500 euroko aurrekontua du proiektu honek. Beste inbertsio batzuen artean daude, Intxaurtxuetan lursail bat erostea aparkalekuak egiteko, elizateetako baserri eta auzoetarako seinaleak ipintzea edo hirugarren adineko pertsonendako parke bat egitea Dorletako bide-gorri inguruan", azaldu du Lasagabasterrek.

Aipatu bezala Udal Gobernuaren proposamenak EA-ren eta Alderdi Sozialistaren babesa lortu du. Lehen aldia da PSE-EEk legez kanpo dagoen Eusko Abertzale Ekintzaren gobernu baten aurrekontua onartzen duela.

PSE-EEk prentsa-ohar bat kaleratu du esanez Alderdi Sozialistak Eskoriatzako aurrekontua onartzea "erraztu" duela. Oharrean esaten da Iñaki Pierrugues zinegotziak alkatearekin negoziatu ostean aurrekontuei baiezkoa eman diola, "zenbait gizarte politika bermatzeko". Horrez gain, oharrean jasotzen da gizarte politika horiez gain, beste lau proiektu ere adostu dituela Pierruguesek Udal Gobernuarekin: Axtrokin lursaila erostea interpretazio zentroa bat egiteko, Deba arroaren ezker aldeko lursaila erostea parke bat egiteko, San Pedro auzoan ornikuntza lanak egitea eta Bidegiri eskatzea beregain hartzeko Erkotx baserrira gasa eta ura eramateko lanak.

PSE-EEko zinegotziaren hitzetan ez da berak egingo lukeen aurrekontua, baina, udalaren egungo egoera ekonomikoa ikusita, "egonkortasunaren eta segurtasunaren" aldekoa izan da bere baiezko botoa. Gaineratzen du, egoera honetan ezinbestekoa dela denak norabide berdinean lan egitea.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak