Txalo konpainiak 'Ate joka' komedia aurkeztuko du bihar unibertsitatean

Mirian Biteri 2009ko ots. 26a, 16:41
Umorea nagusituko da bihar, egubakoitza, Huheziko eraikinean. Txalo konpainiak Ate joka izeneko umorezko komedia aurkeztuko du gauean. Ekitaldia 22:30ean hasiko da eta sarrera librea izango da.

Gaur eskainiko duten antzezlana Gene Sacksen La extraña pareja izeneko komedia ezagunean oinarrituta dago. Begoña Bilbaok zuzendutako eta Ritxi Lizartxak itzulitako umorezko ikuskizun horretan bi lagunen arteko elkarbizitza kontatzen da. Joxemari, dibortziatua eta bizitzako bizio guztien zalea, etxean bakarrik bizi da.

Andrex, Joxemariren lagun mina, ezkonduta dago, baina dibortziatzekotan. Maniatikoa eta obsesiboa izateaz gain, garbizalea ere bada. Elkarbizitzak egoera komiko eta dibertigarriak eragingo ditu; baina, aldi berean, bizipen tristeak eta mingarriak azalaraziko ditu. Antzezlan horren bidez, bikoteen arteko elkarbizitza ez dela batere samurra azalduko dute, modu dibertigarrian.

Aktoreak

Hiru lagun dira antzezlan horretako protagonistak. Alde batetik, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreak daude. Biak Goenkale telesailean ibili dira; Galartzak, gainera, Vaya semanita saioan ere jarduten du gaur egun. Aurretik ere hainbat antzezlanetan aritu dira elkarrekin lanean: Erreleboa eta Bote patsa lanetan, besteak beste.

Bestetik, Andrexen emaztea eta guztia nahasten duen bizilagunaren papera Sara Cozarrek egiten du. Aurpegi ezaguna da hura ere: Goenkale-n ibiltzeaz gain, Kutsidazu bidea, Ixabel filmean ere lan egin du, esaterako.

Esan bezala, antzerkizaleek Txaloren Ate joka antzezlana doan ikusteko aukera izango dute bihar, 22:30ean, unibertsitatean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak