Trafiko isunak lehen hamabost egunetan ordaintzeagatik, %50 merkeago

Mirian Biteri 2009ko otsailaren 5a

Asteleheneko osoko bilkuran, zirkulazio arloan egiten diren lege-hausteak arautzen dituen ordenantza aldatzea erabaki zuten. Orain arte, Eskoriatzako Udaltzaingoak jarritako isunak lehen hamabost egunetan ordaintzen baziren, %30eko deskontua egiten zen. Udalbatzak deskontu hori %50era igotzea adostu zuen aho batez. Horrenbestez, epe horretan ordaintzen duenak erdia ordainduko du.

Horretaz aparte, kirol instalazioen eta zerbitzuen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzea ere erabaki zuten. Egun, urteko bi bonu mota daude: herrikoa eta mankomunatua. Azken horrek bailarako gainontzeko herrietako instalazioak erabiltzea ahalbideratzen du.

Herriko bonuak 128,9 euro balio du eta hainbat sektorek %50eko deskontua dute: familia ugariek, erretiratuta zein langabezian dauden famili unitateek eta gizarte larrialdiko edo gutxieneko diru-sarreren laguntzak jasotzen dituztenek. Orain arte, bonu mankomunatua dutenek ez dute inongo deskonturik izan, goiko sektore horretakoak izanda ere.

Hori aldatzea adostu zuten. Bonu mankomunatuari eta Plus Arrasate delakoari, Eskoriatzako bonuak duen deskontua aplikatuko zaie hemendik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak