Torrebasoko industrialdeak eta pabiloiak saltzeko kanpaina abiarazita

Iker Barandiaran 2008ko eka. 2a, 19:22
Eskoriatzako Industrialdea SAk hainbat ekimen abiarazi ditu industria guneari behar duen irteera emateko: publizitate kanpaina, beste erakundeekin elkarlana eta beste.

Udalaren ardurapean dagoen Eskoriatza Industrialdea SAk hainbat erabaki hartu ditu Torrebaso industria gunean libre dituzten pabiloi eta bulegoen gainean. Hala, orain arte erakunde horretako gerente izan den Clemente Belokiri kontratua eten egin diote. Horrez gain, pabiloiak eta bulegoak salgai daudela jakinarazteko publizitate kanpaina abiarazi dute. Horren harira, industria gunean bertan errotulu erraldoiak jarri dituzte.

Sprilur eta mankomunitea
Horrekin batera, Eskoriatzako Industrialdea SA Sprilurrekin eta Mankomunitatearekin harremanetan dabil elkarlanean industria gunearen salmenta kudeatzeko asmotan.
Udalaren helburua da salgai dituzten gune horiei irteera ematea, eta industria gunea behar den moduan betetzea.

Kontu hori martxotik dator. Hain zuzen ere, hilabete horretan Udaleko Ogasun batzordeak erabaki zuen industria gunearekin lotuta ekimen batzuk egin behar zituztela. Horren arrazoia da azken hilabeteotan ez dutela pabiloi eta bulegorik saldu, eta Eskoriatzako Industrialdea SA erakundea galerak edukitzeko puntuan zegoela. Horrekin lotuta, ondorioztatu zuten ez zutela industria gunearekin lotutako publizitate kanpainarik egin, eta horri lehenbailehen buelta eman beharrean zeudela.
Eskoriatzako Industrialdea SAren administrazio kontseiluak hainbat erabaki hartu zituen: publizitate kanpaina egitea, gerenteari kontratua etetea eta beste erakunde batzuekin elkarlana bultzatzea. Udaleko osoko bilkuraren babesa jaso zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak