Tesak enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu du

Ubane Madera 2008ko aza. 13a, 18:40
Tesa enpresak enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu du gaur arratsaldean (eguena). Enpresak aktiboan dituen 123 langileetatik 113rengan izango du eragina erregulazio espedienteak. Baina langile horiek ez dira kalera joango. Tesak aurkeztu duen espedientea etendurakoa da; hau da, langileen kontratuak eten egiten dituzte, baina epe jakin baterako.

Tesaren kasuan, honako bi neurri hauek proposatu dituzte: erreleboka lanean dabiltzan langileek egin dezatela lan astean hiru egunetan eta jai hartu beste bietan. Eta lanaldi zatituan diharduten langileek, berriz, astean egun bat jai har dezatela. Hori egin beharko lukete datozen sei hilabeteotan. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak.

Sindikatu horrek emandako xehetasunen arabera, orain 15 egun dituzte enpresak planteatutako ERE-a aztertzeko, erregulazio espedientea Lan Ordezkaritzan aurkeztu aurretik. Negoziazio prozesua zabalduko dute, beraz. Akordioren bat lortuz gero, Lan Ordezkaritzak aurkeztutako baldintzetan onartuko du espedientea.

Akordiorik lortu ezean, berriz, Lan Ordezkaritza bera sartuko da enpresa eta sindikatuen arteko negoziazio prozesuan edo baliteke enpresaren proposamena bere horretan onartzea.

Tesa enpresak bi fabrika ditu Euskal Herrian, bata Eskoriatzan eta bestea Irunen. Irungo kasuan ere gaur bertan aurkeztekotan dira beste enplegu-erregulazio espediente bat, baina kasu horretan ez da izango Eskoriatzakoan besteko gogorra. Irungo lantegian 337 behargin ditu Tesak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak