TESA lantegiko langileek mobilizazioak hasi dituzte

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 18a, 18:10

Gaur, eguaztena, hasi dituzte mobilizazioak enpresak proposatu dien lan hitzarmena eskasa dela salatzeko. Enpresa batzordeko ordezkarien hitzetan, egin dieten azken eskaintzak egoera hobeto beharrean, zenbait alorretan atzerapausuak dakartza langileengan.

Enpresa batzordearen gehiengoa osatzen duten ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, lanuzteak hasi dituzte gaur Eskoriatzako Tesa lantegiko langileek. 150 langile ari dira momentu honetan TESAn, eta otsailean hasi ziren lan hitzarmen berria onartzeko negoziazioak. Langileak, baina, ez daude gustura enpresatik jaso duten proposamenarekin. Salatzen dute datozen hiru urteetarako KPIa soilik bermatzen zaiela, eta eurek, KPIa baino zerbait gehiago eskatzen dute, baita beste baldintza batzuk ere. Jose Angel Petralanda enpresa batzordeko idazkariak esan digunez, bajetako baldintzak hobetu nahi dituzte: "Baja hartzen badugu, guri kendu egiten digute soldatatik eta bulegoetakoei, ez; eurek %100 kobratzen dute beti. A eta B mailako langileak daude eta hori ez dugu onartzen."

Gaineratu nahi izan dute, era berean, zenbait puntutan aurrera egin beharrean, aurretik onartutako hobekuntzak okertu gura dizkietela. "Bajetako hitzarmena, adibidez, hiru urterako sinatu nahi dute enpresakoek eta lehen bi urterako zen", esan digu Petralandak.

Adierazi digute ez dutela uste enpresa egoera ekonomiko txarrean dagoenik, eta orain arteko negoziazioetan langileek zenbait puntutan amore eman arren, enpresak ez duela bere aldetik ezer jarri.

Lanuzte gehiago

Momentuz, enpresako arduradunekin beste bilerarik ez dutela aurreikusita esan digute. Esan bezala, gaur egin dituzte lehen lanuzteak, lan txanda bakoitzean ordu t'erdikoak hain zuzen ere. Egubakoitzean eta datorren asteko eguazten eta egubakoitzean ere egingo dituzte lanuzteak.

Enpresakoen adierazpenik ez

Enpresarekin harremanetan jarri gara euren ikuspuntua jakiteko, baina esan dute ez dutela adierazpenik egin nahi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak