Urte hasieran, hau da, urtarrilaren 1ean hasi ziren aplikatzen Eskoriatzako Tesa lantegian enpresak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea. 130 langile ingururi eragin die, lantalde osoaren %95i, hain zuzen ere. Sei hilabete iraungo du erregulazioko espediente horrek, eta txandakako egutegi sistema baten arabera antolatu dute: egun batzuetarako langabeziara doaz langileak, beste batzuek lanean jarraitzen duten bitartean. Errelebutan lanean diharduten langile gehienek 43 egun emango dituzte langabezian 6 hilabete hauetan, eta goiz eta arratsalde dabiltzanek 21. Soldatei dagokienez %100 kobratuko dute: INEMek dagokiona ordainduko die eta enpresak berak, konplementua.
Tesa enpresak bi lantegi ditu, Eskoriatzakoa eta Irungoa. Sindikatuen babesa, baina, ezberdina izan da bietan. Eskoriatzan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek sinatu egin dute erregulazioko espedientea; enpresako langileek osatzen duten SST sindikatuak, berriz, ez. Baina, esaterako, ELAk ez du Irungo erregulazioko espedientea sinatu. Adierazi digutenez, arrazoia da Eskoriatzan langile gehienak sartzen direla erregulazioko espedientean eta Irunen, aldiz, 350etik 70 bakarrik.