Herritar guztiak berdin
Javier Villar Elizateetako zinegotziak jakinarazi digu hiru auzo horien arazoa konpontzeko proiektua aspaldikoa dela. Hain zuzen ere, orain bukatzera doan legealdiaren aurreko kanpainan "kaletarren eta auzotarren aukera berdintasuna aldarrikatu genuen", azaldu zuen Villarrek. "Salatu genuen kalean bizi diren eskoriatzarrek Interneterako banda zabala eta beste dituztela eta guk antzekorik ere ez".
Horrez gain, aipatutako hiru elizateotako auzotarrek, hau da, ehun bat baserritako lagunek, ez dute inoiz telebista seinalea ondo hartu. "Hilabetero-edo antena mugitzen aritu izan gara, baina ez dago modurik. Batzuk soinua jaso dezakete, eta beste batzuk irudia bakarrik, baina oso lauso. Egia esanda, bizi garen garaiotan hala egotea ez da oso normala, eta konponbidea behar dugu".
Arazoa da elizate horietatik ez dela Muru ikusten, eta Oñatiko seinalea ere ez dela puntu horretara heltzen. Arrazoi horregatik, orain dela bi urte, Udalak erabaki zuen antena jartzea. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Nekazaritzak dirulaguntza onartu zuen.
Aldaketak izan dira
Udalak Telecom enpresari esleitu zizkion lanok, baina bidean hainbat gorabehera izan dira. Hasieran Leintz Gatzagako udalak ere bat egin behar zuen proiektuan. Dirudienez, gerora atzera bota zen.
Bestalde, hasieran Udalaren asmoa zen Internet seinalea satelite bidez hartzea, baina iritziz aldatu dute; hala, Oiz menditik datorren seinalea baliatuko dute.
Igorle eta errezeptore faltan
Estruktura zutik dago, baina telebistarako igorle eta errezeptoreak jartzea falta da. Horren ostean, Internet jarriko dute. Proba batzuk egin ostean, uste dute otsail bukaerarako bi seinaleak jaso ahal izango direla.
Bestalde, Elizateetako zinegotziak jakinarazi digu auzotarrek Goitb ikusteko interesa dutela. Hala, lanok egiten diharduen Telecom enpresari eta Udalari hori ahalbideratzeko errezeptorea jartzeko eskatu behar diete.