Zapatuan Argentinako Teatrino Dei Piedi taldeak Habia una vez...dos pies ikuskizuna egingo du Gernikako plazan 23:00etan. Hala ere, Udalak jakinarazi du eguraldi txarra egiten badu kiroldegian egingo dutela. Ikuskizun hori Errekan Gora jaialdiaren barruan kokatu beharra dago. Udalak antolatu du jaialdia, eta helburua da uztaileko zapatu guztietan ikuskizunak kalean doan eskaintzea.
Txatarreria keaton, atzeratuta
Zoritxarrez, aurreko astean bertan behera utzi behar izan zuten Txatarreria Keaton taldeak egin beharreko ikuskizuna, eguraldiaren erruz. Hala, Udaleko Kultura Saileko arduradunek jakinarazi digute taldearekin harremanetan daudela uztaileko beste egun baten zinema eta musika uztartzen dituen ikuskizuna egin dezaten.
Bihar, zapatua, berriz, eguraldiak ezin izango du Teatrino Dei Piediren ikuskizuna zapuztu; hala balitz, kiroldegia egokituko dute-eta.
Teatrino Dei Piedi izenaren atzean Argentinako Veronica Gonzalez dago. Gonzalez 13 urterekin hasi zen Buenos Airesko antzerki tailer independente baten antzezlanak egiten, eta 15 urterekin, ordaindutako lehen lana egin zuen Ariel Bufanok egokitutako La bella y la Bestia-n. Une hartan, Gonzalezek erabaki zuen aktore izan gura zuela. Hala, Buenos Airesko Arte Dramatikoko Eskolan ikasi zuen, eta musikaren gaineko ikerketak egin zituen. Horren ostean, Italiara jo zuen eta han Laura Kibel ezagutu zuen. Kibelek hankekin txotxongiloak egiteko teknika erakutsi zion.
Nazioartean askotan saritua
Teknika hori ikasi zuenetik, gorputzeko hainbat atal erabilita ikuskizunak egiten ditu, eta mundu osoan zehar bidaiatu eta ikuskizunak egin ditu.
Hain zuzen ere, Veronica Gonzalez artista eskarmentudunak Eskoriatzan jendaurrean egingo duen Habia una vez...dos pies lanak sari ugari jaso ditu honako jaialdietan: Italiako San Giacomo Puppet Festival, Silvano D'Argento 2005 eta Silvano D'Oro 2007, Greziako Fun&Kids 2007, Valsequillo, Canarias 2007, Valentziako Tittelles de Val D'Albaida 2007 eta beste batzuk.
Aipatutako ikuskizuna adin guztietako ikusleei zuzenduta dago: guztiak txundituta gelditzen dira. Gonzalezek ahotsa eta mugimendua emango die fantasiazko hainbat pertsonaiari, eta pertsonaia horien bitartez amets egiteko aukera izango dugu.
Fantasia, magia, poesia eta umorea dira ikuskizun berezi horren ezaugarri garrantzitsuenetako batzuk.