Tayuta japoniarren kontzertua zapatuan Inkernu tabernan

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 13a, 18:10
'Fight for rights basque tour 2009' izenburuko kontzertu biran gurera ere etorriko dira Tayuta taldeko musikari japoniarrak. Kontzertua Eskoriatzan, Inkernu tabernan, egingo dute zapatuan, otsailaren 14an, 22:30ean. Elgoibar eta Eibarko Napoka Iria bikotea izango dute lagun.

Hainbat taldetan eta proiektutan jardun ostean, Tokion sortu zuten taldea honako musikariok: Hirono (ahotsa), Masa (perkusioa) eta Isaku (kitarrak). Japoniako musikan ohikoa ez bada ere, bakea eta naturarekiko errespetua dira euren hitzen oinarria. Estiloari dagokionez, soul, afrobeats eta munduko folk doinuak nahasten dituzte emanaldietan, betiere ekialdeko jarrerek eta eragin nipondarrak argi erakusten dute nondik datozen.

Zuzeneko harmonikoa duen hirukotea denbora laburrean ezagun egin da Tokyion ez ezik Japoniako beste hainbat txokotan ere, eta jarraitzaile asko dituzte. Horrela, taberna, areto eta jaialdi handietan dihardute maila handiko musikariekin. 

Musikari euskaldunak

Japonian tokia lortu ostean, gurera datoz biran Napoka Iria taldearekin duten harremanari esker. Beasainen, Irunen, Donostian eta Elorrion, Kokein, Layo Raser, Transalpine eta Napoka Iria taldeekin jardunda, Eskoriatzara ere azken horiekin etorriko dira.

Elgoibartik eta Eibartik etorriko dira Ander Muxika eta Miren Narbaiza; gitarra akustiko eta ahotsarekin kantu lasaiak bezain progresiboak zein rock erakoak egiten ditu bikoteak, zuzeneko emanaldiei ukitu berezia emanez.

Japonian bi taldeek elkarrekin inprobisazioak eskaini zituzten: "Giro ona eta freskotasuna eskaini genituen. Zuzenean bi kulturen nahasketa edo armonizazioa ere erakusten dugu. Japoniarrek, esaterako, euskal kantari baten bertsio bat joko dute eta agian guk beste bat japoniarrez", aurreratu digu Napoka Iriako Ander Muxikak. Haren ustez: "Kontzertu natural eta entretenigarria eskain dezakegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak