Azken bi horiek kontrako botoa emateko arrazoiak azaldu zituzten. Ezker Batua-Berdeak taldeko Juan Luis Merino herriko lokal "onena" edozeini uztea ez duela egoki ikusten eta gazteriaren inguruan "hausnarketa" egitearen alde azaldu zen. Aitor Urrutia jeltzaleak, berriz, esandako lokalean bake epaitegia jartzeko aspaldiko proposamenarekin bat egin zuen. Pedro Lasagabaster alkateak Merinori jakinarazi zion eskaera egin duen taldeak "historikoki" ekimenak antolatu izan dituela, Udalarekin batera. Urrutiari, berriz, gogorarazi zion bake epaitegia han jartzeko diru asko behar dela.
Esandako bilkuran, Kultura zinegotzi Edorta Barandiaranek azaldu zuen talde horrek gazteei zuzendutako euskarazko ekimenak bultzatzeko eta, gerora begira, gazte asanblada ekintzaile eta euskalduna sortzeko lehen pausoak emateko asmoa duela.
Modu horretan, herriko gazteen artean dagoen pasibotasunarekin amaitzea, euskararen erabilera sustatzea eta gaztelekua txiki geratuko zaien gazteendako alternatiba izatea bilatzen omen dute eskaria egin duten eskoriatzarrek. Hori guztiori abian jartzeko, baina, lokala behar dutela jakinarazi diote Udalari.
Klausulak
Udalak taldearen interesa "positibotzat" jo du, eta horregatik, udal jabetzako lokala uztea adostu eta horren gaineko hitzarmena prestatu du, alde biek sina dezaten. Horretan gogorarazten da lokala ekimenak antolatzeko erabiliko dela eta, hortaz, ezin izango zaiola beste erabilerarik eman. Ordutegiari dagokionez, domekatik eguenera 09:00etatik 21:00etara eta aste bukaeretan 22:00ak arte erabili ahal izango dela dio.
Aldi berean, antolatzen dituzten ekimen guztiek izaera irekia izango dutela eta, beraz, herriko gazte guztiei zuzenduta egongo direla adierazteaz gain, beste talde batek izaera antzekoa duen egitasmoa aurkezten badu, Udalak lokal berean sartzea erabaki lezakeela azaldu du.
Ardurak
Lokalari berari dagokionez, bertan ekimenak abian jartzeko beharrezkoak diren tresnak gordetzea aurreikusten badu ere, horiekin zerbait gertatuz gero Udalak horien ardura bere gain ez duela hartuko ohartarazi du. Bestalde, lokalaren mantenu gastua Udalaren ardura izango dela aipatzen du; eta lokalaren zaintza eta garbitasuna, berriz, erabiltzaileena. Gaineratu du Udalak udaltzaina edo arloko teknikaria arduradun izendatu dituela gura dutenean lokalaren ikuskapena egiteko.
Hitzarmenak urtebeteko iraupena duen arren, beste urtebeterako luzatzeko aukera izango dute alde biek. Dena den, sinatzaileetako edonork amaitutzat eman dezake, idatziz bestearen aurrean aurkeztutako salaketaren bidez.