Ekitaldiak 18:00etan hasiko dira, eta ludotekako umeek ere esku hartuko dute. Hala, ordu horretan herriko plazan elkartuko dira txorimaloa aurkitzeko eta, bide batez, horren bila ibiliko diren bitartean san juan loreak jasoko dituzte, datorren urtean sutan erre egingo duten lore-sendorra prestatzeko.
19:30ean umeak berriro plazan bilduko dira, eta Udaleko arduradunek su japoniarrak jaurtiko dituzte herriko plazan. Ordu berean, nagusiendako gazta eta edariak banatuko dituzte.
22:30ean sua piztuko dute herriko plazan. Aurten, 1991n jaiotako neska eta mutilek izango dute horren ardura. Aurtengo kintoak 15 dira guztira: 9 mutil eta 6 neska. Urtero moduan, gura duten herritarrek aukera izango dute su gainetik gura beste salto egiteko. Bitartean, txistu doinuaren laguntzarekin erromeria izango da plazan bertan.
San Juan egunari dagokionez, berriz, herriko hainbat saltokitako ataritan lore-sendorra jarriko dute.