San Juan sua piztu, eta domekan iratzea botako dute herriko saltokietan

Maider Arregi 2007ko ekainaren 22a

San Juan bezperan eta egunean, bietan, ekitaldi bereziak egingo dituzte herrian, antzinakoari eutsita.

San Juan sua piztuko dute bihar, zapatua; eta hainbat ekitaldi izango dira. Orain dela bi urte arte, Axtrokik antolatu eta herritar bat aukeratzen zuten sua pizteko. Gero, Udalak hartu zuen lekukoa.
18:00etan umeak txorimaloaren bila joango dira; eta datorren urtean erabiltzeko lore-sendorra batuko dute. 19:30ean, su japoniarrak jaurtiko dituzte plazan. Ordu berean kinttoek gazta eta edariak banatuko dituzte plazan; eta makala altxatuko dute. 

Sua neskek piztuko dute

Une garrantzitsuena 22:30ean izango da. Sua 1990ean jaiotako neskek piztuko dute. Horren ostean sokatira proba egingo dute; eta jarraian txistuaren laguntzarekin erromeria izango da.

Iratzea, gauza txarren kontra

Aurtengo berrikuntza da Udalak eta merkatariek erabaki dutela domekan, San Juan egunean, saltokien sarreratan iratzea botatzea. Aretxabaletako Leizabal baserriko Guadalupe Atxagak kontatu digu baserrietan ohitura zegoela San Juan egunean etxearen sarreran eta ortuaren alboan iratzea botatzeko. Horrez gain, ateetan lore sendorrak edo gurutzeak jartzen zituzten. "Nik betidanik ezagutu dut ohitura hori; sarreran botatako belarrak zapalduta, garbitu egiten ginen eta etxera ez zen gauza txarrik sartzen. Urte ona izateko egiten genuen. Gurutzeak sanjuan lorekin, kukufrakekin, urrebotoiekin eta serbilletekin egiten genituen. Loreak San Juan eguneko goizean jaso behar dira, ihintzarekin".
 Orain arte urtero bota dute Atxagaren alabek iratzea Xarmanta dendan; eta aurretik Akeita tabernan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak