San Juan kalean hainbat hobekuntza egingo dituzte datozen hilabetetan. Aurretik Udalak kale horren hasieran hainbat hobekuntza egin zituen.
Udalaren asmoa zen San Juan kaleko 9. zenbakitik trenbide zaharrera arte kale guztia berritzea. Horren gaineko proiektua idatzi zuten Udalak eta LKS enpresak.
Sukibide eta Udalaren artean
Baina proiektua zeharo aldatu dute. Izan ere, San Juan kaletik gora, Bolibarrera bidean, Sukia enpresa Elorretako etxebizitzak egiten dabil. Hala, berez Sukiak lurzoru zati bat Udalari utzi beharko dio. Horrez gain, azken asteotan Udalak erabaki du San Juan kalean bertan 18 aparkaleku egitea. San Juan kaleko 9. zenbakitik Leteko bidera arte kalea bi espaloi jarriko dituzte.
Aldundiak lagunduko du
Horrez gain, bertan dagoen zubia ere pixka bat zabaltzeko asmoa dute, espaloiak jartzeko estuegia delako.
Lanek, guztira, 338.000 euroko aurrekontua izango dute. Udalak 240.000 euro hartuko ditu bere kargu; eta gainontzekoa Sukia enpresaren Sukibide ekimenak hartuko du. Udalari dagokion kopurutik 200.000 euro Aldundiak ordainduko ditu.
Udaleko Hirigintza Sailak onartu du lan horiek egitea. Hala ere, urtarrileko osoko bilkurak Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena onartu beharko du. Asmoa da lehenbailehen lanen baldintza-orria onartzea.