Eguneroko lan gogorrak albo batera uzteko aukera izango dute aurten ere herriko baserritarrek. Jaiegunetako arropa jantzi eta euren eguna, San Isidro eguna, behar bezala ospatu ahalko dute bihar, barikua.
Egitarau xumea gertatu dute horretarako. Lehenik eta behin, eguerdian meza egingo dute, azken urteotan moduan, Aingeru Guarda ermitan. Baserritarrez gain, herriko erretiratu asko joaten da urtero hara.
Jarraian, herrirantz abiatuko dira eta hango tabernetan tragotxoa hartu ostean, 14:00 aldera bazkaltzera joango dira. Egokiena elkartean egin dute aurten ere hitzordua. Ederto bazkalduko dute han eta, bide batez, hainbeste ardura eragiten dituen bizimoduaz luze eztabaidatuko dute, ziurrenik, Egokiena elkartean; jai giroa albo batera utzi barik.
25 lagun inguru
Aurten, 25 lagun inguru espero dituzte hitzordu horretan. Urtero joaten direnek adierazi dute urtetik urtera kopuru hori jaitsi egiten dela. Horren harira, gogorarazi dute herriko baserrietan oraindik jende asko bizi bada ere, baserriko lana egitetik bizi diren eskoriatzarrak gero eta gutxiago direla.
Aspaldi egun handia zen San Isidrorena herrian. Nagusienek meza San Pedro parrokian egiteaz gain, dantzaldia ere egoten zela gogorarazi dute. Hainbat urtez eguna ospatu barik egon ostean, erretiratu talde batek Udalaren laguntzarekin Aingeru Guarda ermita berritu zuenean, meza han egitea erabaki zen eta azken urteotan han egin izan da.