Sabina Artaza herriko alabak 101 urte bete ditu

Iker Barandiaran 2008ko urr. 1a, 13:57
Astelehenean Sabina Artaza eskoriatzarrak 101 urte bete zituen. Udaleko ordezkariek omenaldia egin zioten Mesedeetako Andra Mariaren egoitzan, bertan bizi da-eta azken bi urteotan. Udaleko Ongizate Saileko ordezkarien bisita jasotzeaz gain, senitartekoak ere izan zituen alboan Artazak.

Artaza Apodakan (Araba) jaio zen 1907an eta anai-arreba bakar bat izan zuen, ahizpa bat. Obekuriko (Trebiño) Gregorio Alonsorekin ezkondu zen Arrasaten, senarrak tren konpainiarako Arrasaten lan egiten zuelako. Espainiako Gerra hasi zenean, baina, senarra espetxera eraman zuten eta Artazak egoera larriak bizi izan zituen.

Seme txikiarekin, bilbora

Senarra espetxean zuela irain asko jasan zituen Artazak eta, horren ondorioz, Bilbora jo zuen haurdun zegoela 2 urte zituen Paco semearekin batera. Bilbon familia zeukan, baina puntuan egon ziren erbestera joateko. Pacok gogoan dauka itsasontzi baten sartuta egon zirela, baina azkenean ez zirela kanpora joan.
Espetxetik askatu zutenean, denborara senarrak tren konpainiako lanpostua berreskuratu zuen, eta Eskoriatzara joan ziren seme-alabekin bizi izatera.
Ordutik bizimodu lasaia izan zuen Artazak bere familiarekin Eskoriatzan: bi seme eta alaba bat izan zituen.

Ez du inongo minik

Azken urteotan gorra dago Artaza eta bere kabuz ez da oinez ibiltzen, baina oso osasun ona dauka; hain zuzen ere, ez du inongo minik eta ez du inolako botikarik hartzen. Orain dela sei urte arte, gosaria berak prestatzen eta berak egiten zuen egunero ohea. Gerora, apurtxo bat makaldu egin zen, eta orain dela bi urte eta erdi zaharren egoitzara eraman zuten.

Luzaroan bizitzeko

Sabina Artazaren seme Pacok kontatu digu Sabinak 47 bat urte zituenean digestio arazo batzuk izan zituela, eta orduko On Sabino medikuak esan ziola kola freskagarri baxokada bana edateko egunero eguerdian eta iluntzean. Kontua da orain dela laupabost urte arte Artazak ez ziola ohitura horri utzi. Bestela, Sabina ez da inoiz asko jatekoa izan, tamainan jan izan du, baina gozokiak asko gustatzen zaizkio.

Artazak oso bizitza lasaia eraman du: seme-alabak aurrera atera ditu, egunero mezetara joan izan da... eta bere senitartekoen esanetan oso pertsona umoretsua eta positiboa izan da, gor gelditu den artean. Gor gelditu zenetik ez du hain umore ona, baina salbuespenak egiten ditu birbilobak bisita egiten dionean.

Urteak zenbatu barik

Paco semeak kontatu digunez 90 urte bete zituenetik Sabinak ez dituela gainontzeko urteak zenbatu gura izan. Hala ere, joan den urtean omenaldi oso berezia egin zioten Udaleko eta Aldundiko ordezkariek azken urteotan bizi den egoitzan. Lore sorta handia emateaz gain, aurreskua ere dantzatu zioten orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak