Rally Game zirkuitua eta irrati-kontrol bidezko autoen erakusketa daude egunotan

Mirian Biteri 2009ko urr. 22a, 18:54

Domekan, 1/18 eskaladun auto elektrikoen instalazioa inauguratuko du Dos Pistones elkarteak herriko pilotalekuan. Irrati-kontrol bidezko autoen erakusketa, berriz, bihar arte ikus daiteke.

Dos Pistones elkarteko kideek gogor dihardute lanean domekan Rally Game zirkuitua gertu izateko. Egun horretan, eguerdian, 1/18 eskalako auto elektrikoen zirkuitua inauguratuko dute pilotalekuan. Probatzeko interesa dutenek bere autoa eraman beharko dute.

Elkarteko kide Iñigo Gartziak azaldu digu hilabete inguru daramatela zirkuitua probatzen: "Uztailaren amaieran erosi genuen domekan inauguratuko dugun zirkuitua. Ez da erraza izan lortzea, mundu osoan enpresa bakarrak egiten du-eta. Taiwanen dago hori eta guk Bartzelonan erosi dugu. Behin zirkuitua Eskoriatzan izanda, Udalari domeketan zirkuitua pilotalekuan muntatzeko baimena eskatu genion eta ordutik hona, astero bildu gara".
Egun horietan, goizean zirkuitua muntatu eta, besteak beste, denborak neurtzen eta birak zenbatzen ibili dira elkarteko hamar lagun inguru. Arratsaldean, berriz, kiroldegiko kantxa txukun uzteaz arduratu dira.

35 metroko luzera

Zirkuituaren diseinua elkartekoek egin dute; 35 metroko luzera du horrek. Esan bezala, 1/18 eskaladun auto elektrikoak erabil daitezke bakarrik horretan. Gartziak nabarmendu gura izan du zirkuitua zaletasun hori duten debagoiendar guztiei zabalik egongo dela. Gartziaren esanetan, "asmoa da zirkuitua hilero hainbat domaketan jartzea, zaletasuna bultzatuz. Horren harira, kontuan hartu behar da horrelako auto bat izatea ez dela oso garestia; berriak 180 bat euro balio du eta bigarren eskukoak, 120 inguru".

Erakusketa

Irrati-kontrol bidezko autoak gustuko dituztenek herriko kultura etxera joan behar dute gaur eta bihar artean; han, askotariko eskalatako hamabi auto jarri dituzte ikusgai Dos Pistones elkartekoek. Hastapen eta txapelketako auto elektrikoak zein gasolinakoak dira horiek. Horretaz gain, igorgailuak, kargadoreak, motorrak eta bestelako osagarriak daude. Erakusketa horretan elkarteko kideen artean egindako lehiaketak eta irrati-kontrol bidezko autoen lasterketen gaineko bideoak ere ikus daitezke; baita domekan inauguratuko den zirkuituaren zati bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak