Puro Chile taldea Inkernuko agertokira igoko da zapatu gauean

Mirian Biteri 2009ko urr. 22a, 18:57
Bikustik taldearen emanaldiaren ondotik, asteon Puro Chilekoak entzun ahal izango ditugu Inkernu tabernan. Talde bizkaitarrak kontzertua eskainiko du zapatuan, 22:30ean

Pedro Fernandez (bateria), Urko Igartiburu (gitarra eta ahotsa), Ane Irisarri (koroak) eta Mamen Rodrigok (baxua eta ahotsa) osatzen dute. Azken hori partaiderik ezagunena da, bere garaian Vulpes punk talde ezaguneko kide izandakoa da-eta.

Taldea 2007an sortu zen. Mexikon, aurretiko ezagupenik gabe bat-batean egindako gauzak izendatzeko erabiltzen duten puro chile esamoldea hartu zuten izen. Orduan, lau kantuko maketa gertatu eta kontzertuak ematen hasi ziren. Handik urtebetera, lehenengo lana grabatzeari ekin zioten: Color.

Partaidetza zabala

Berrizko Lorentzo Records estudioetan grabatu dute lan hori, Aitor Ariñoren eskutik. Bederatzi kantuz osatuta dago eta Elorrioko Arriola antzokian grabatutako bideoklipa ere badu. Grabazioan eta baita bideoan ere hainbat lagunen laguntza izan dute, hala nola Josu Zabala (Hertzainak, Zazpi Eskale, Gu ta Gutarrak), Alazne eta Belen (Tiananmen), Roberto Moso (Zarama), Ezequiel Rudy Garcia (Banana Boats, Rotabator, The Starlites), Joni Benito, Ino Nodar, Aitor Etxebarria (Irao) eta Almudena Cacho kazetaria.

Puro Chileko partaide guztiek ibilbide luzea dute musikan. Hainbat taldetan jo dute: Rock Dam, Maria y la Plantacion, Anticuerpos, Tiananmen, Piroleta de hormigon, La Xeta Paxote, Puñetazo, Yo soy Julio Cesar, El mejor amigo del Hambre, Reverendo Parker edo Waltrapaxx, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak