Publizitaterako espazioa jarriko dute pilotalekuko horman

Mirian Biteri 2009ko ekainaren 25a

Atzo egindako osoko bilkuran, pilotalekuko horma publizitatea jartzeko espazio moduan erabiltzea adostu zuen udalbatzak aho batez. Erabaki hori Eskola Agenda 21 dela-eta Luis Ezeiza ikastetxeko eta Arizmendiko Almen guneko DBHko ikasleek egindako eskaeraren ondotik dator.

Jakina denez, aurten publizitatearen gaia landu dute eta azkenaurreko bilkuran hainbat konpromiso hartzeko eskatu zieten udalbatzakoei.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoei erantzunez, herriko atarteetan Publizitaterik ez postontzietan jartzearen harira, erabakia atarteetako komunitateari dagokiola eta Mankomunitateak dagoeneko horrelako errotuluak banatu dituela gogorarazi zien Pedro Lasagabaster alkateak.

Erosketa berdea

Bigarren ziklokoek, besteak beste, udal webgunean kontzienziazio kanpainak egitea proposatu zuten. Alkateak jakinarazi zuen eguazteneko bilkuran bertan onartutako Erosketa Berdearen gaineko adierazpenean, erosketa berdearekiko sentsibilizazioa sustatzeko konpromisoa hartu dela.

Hirugarren ziklokoen eskaerak honakoak izan ziren: publizitatea paper birziklatuan egitearen aldeko kanpainak bideratzea, ale kopurua eta tamaina kontuan hartuz; eta publizitatearen praktika onak jarraitzen dituzten entitateak laguntzea. Azken horren harira, alkateak aipatu zuen hori sakonago aztertzeko denbora behar dutela. Lehen puntuari dagokionez, eskatutakoa dagoeneko betetzen dutela gogorarazi zuen.

DBHkoek egindako eskaeretan, esaterako, herrian jartzen den publizitatea toki batzuetara mugatzea zegoen. Hasteko, pilotalekuko horman jartzea onartu dute. Lasagabasterrek azaldu zuenez, "espazio horrek zela funtzionatzen duen" aztertuko dute eta, emaitzaren arabera, "toki gehiago" jarriko dituzte. Gainera, Udalak dituen baliabideetan Agenda 21en eta iraunkortasunaren aldeko mezuak jartzea adostu zuen.

Konpromiso horiek hartu aurretik, DBHko 2. ziklokoen iragarkiak ikusi zituzten udalbatzako kideek. Aurreko osoko bilkuran ezin izan zituzten ikusi, arazo teknikoak egon zirelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak