Astelehenean, apirilaren 2an, ezohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Beste gai batzuen artean, 2007ko aurrekontuak onartu zituzten. Hala, 6.494.488 eurokoa izango da aurten erabilgarri izango duten diru partida. Kopuru horren partida handienak bidegorriak, Dorletako urbanizazioak, San Juan kaleak eta Zubiateko labeak eramango dituzte.
Gizarte zerbitzuen alegazioak
Udaleko Gizarte Zerbitzuek hainbat alegazio aurkeztu zizkieten aurrekontuei. Hain zuzen ere, preso politikoen familiei diru laguntzak emateko 800 euroko partida sortzea; eta herritarrei lanbideratzen laguntzeko beste 620 euro, hurrenez hurren. Bestalde, etxez etxeko gizarte-zerbitzuari dagokion partidari 6.669 euro kentzea proposatu dute, iaz halako premiarik egon ez zelako. Hortaz, kopuru hori gizarte-ongizateko beste gastuetan sartzea eskatu zuen.
EB-k ere hainbat alegazio
Ezker Batuak ere hainbat alegazio aurkeztu zizkien aurrekontuei: alderdi politikoei subentzioak kentzea; Goienari ematen zaion laguntza erdira txikitzea; gurasoen elkarteari dirulaguntza handitzea; eta Luis Ezeizan eguzki plakak jartzeko partida handitzea, besteak beste.
Gainontzeko alderdi eta taldeek ezetz bozkatu zieten EBren alegazio guztiei. Are gehiago, Juan Carlos Bengoa alkateak erantzun zien ezin dituztela herriko elkarteen subentzioak nolanahi igo edo jaitsi. Baita ere gogorarazi zien Goienari, eskatzen duen baino diru gutxiago ematen zaiola. Horrez gain, gogoratu zuen Goienak euskara bultzatzeko lan handia egiten duela, eta komeni dela halako erabaki bat hartu aurretik ibarreko beste udalekin bat egitea.
Elizateetakoak haserre
Elizateetako ordezkari Javier Villarrek bere haserrea agertu zuen elizateetarako onartutako 90.000 eurorekin ezin dutelako "ezer egin". Horren adibide jarri zuen Gellao eta Apotzaga arteko bidea konponduz gero, diru barik geldituko direla. Horrez gain, kritika gogorra egin zion alkateari bidegorriaren lanen zati bat Izarturen bidez finantzatuko duelako. "Bidegorria autobidearen kalteak konpentsatzeko da, eta horregatik gastu guztia Aldundiak ordaindu beharko luke".
Aurrekontuko partida handienak
| Kopurua eurotan |
|
| Bidegorri zatia egin |
1.150.000* |
| Dorletako urbanizazioa bukatu |
300.000 |
| Elizateetako bideak |
90.000 |
| Elizateetako auzo lokalak |
30.000 |
| San Juan kaleko azken zatia urbanizatu |
250.000** |
| Zubiateko labea konpondu |
60.000 |
* Horietatik 800.000 Aldundiak jarriko ditu, eta 300.000 Jaurlaritzak.
**Horietatik 200.000 Foru Aldundiak ipiniko ditu.