PSE-EE eta EB-Aralar ezik, beste talde guztiek hartuko dituzte batzordeak

Iker Barandiaran 2007ko uzt. 16a, 20:21

EAE-ANV taldeko ordezkariak udalerriko alderdi eta talde guztiekin batzartu dira maiatzeko hauteskundeak irabazi zituztenetik. Aurreko legealdien ildo beretik, Eskoriatzan ez dute gobernu batzorderik eratuko. "Uste dugu hobe dela alderdi guztien artean proiektuak adostea, eta esku-hartzea bultzatzea. Hortaz, orain arteko ildoa jarraituko dugu", azaldu zuen Pedro Lasagabaster alkateak.
Bestalde, EAEko ordezkariek azaldu digute batzordeen eta azpibatzordeen ardura alderdi guztien artean banatzen saiatu direla, baina guztiekin ez dutela adostasuna lortu.


bost batzordeak banatuta
Alderdien artean egindako negoziazioen ondorio, udaleko bost batzorde nagusiak banatu egingo dituzte: Hirigintza Pedro Lasagabasterrek (EAE) eramango du; Kultura Edorta Barandiaranek (EAE), Ogasuna Aitor Urrutiak (EAJ), Gizarte Ongizatea Juan Carlos Bengoak (EA) eta Pertsonala Pedro Lasagabasterrek (EAE), hain zuzen ere.

Batzorde horien baitan dauden azpibatzordeak ere alderdi askoren artean banatu dituzte. Hirigintzako azpibatzordeetan honako taldeek hartu dituzte ardurak: Obrak eta zerbitzuak EAEko Dorleta Lezetak; Elizateak Elizateen Elkarteko Leire Okarantzak; eta Hirigintza eta Ingurumena EAEko Pedro Lasagabasterrek.

Kulturako azpibatzordeetan honako ordezkariak izango dira: Euskara Leire Okarantzak (Elizateen Elkartea) eramango du; Gazteria, Kultura eta Jaiak, hirurak, Edorta Barandiaranek (EAE); Kirola Juan Carlos Bengoak (EA); Turismoa Ander Agirianok (EAE); eta Hezkuntza EAJk, hain zuzen ere. Gizarte Ongizate barruan ere hainbat arlo bereiztu dituzte: Ongizatea Begoña Erañak (EAJ) eramango du; eta Emakumeak Dorleta Lezetak (EAE).

Ogasuna aintzat hartuz gero, Sustapenaren eta Herri komertzioaren ardura, biena, Ander Agirianok (EAE) hartuko du. Horrez gain, Hiri Ondarea EAJren kargu geldituko da; eta Landa Ondarea, berriz, Elizateetako Leire Okarantzaren esku.

herriko saltokien ardura
Aipatutako azpibatzordeen artean bada berritasunik. Hain zuzen ere, Herri komertzioaren azpibatzordea berria da, eta horren helburua da herriko saltokiei bultzada egitea. Horrez gain, legealdi honetan Ondarea azpibatzor- de bitan banatu dute: Hiri Ondarea eta Landa Ondarea bereiztu dituzte, hain zuzen ere.
Bestalde, berrikuntza da baita ere Turismoa azpibatzordea Kultura batzordearen barruan sartzea, orain arte Ogasunaren barruan zegoen-eta.


Udal erakundetan ordezkari
Udal barruko batzorde eta azpibatzordeez gain, bestelako ordezkariak ere aukeratu behar izan zituzten atzoko, eguena, osoko bilkuran. Hain zuzen ere, Udalak kudeatzen dituen hainbat erakundetarako ordezkariak izendatu zituzten.
Telesko herri telebistako presidentea Pedro Lasagabaster izango da, baina horrez gain, herriko alderdi guztiak egongo dira ordezkatuta.
Leintz Ibarraundi Fundazioan, berriz, udaleko hiru ordezkari izango dira: Turismoko eta Kulturako buruak eta alkatea ere bai.
Eskoriatzako Industrialdeari dagokionez, EAEk proposatu zuen bere taldeko bi zinegotzi, eta hurrengo hiru alderdi bozkatuenen bana ordezkari egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak