Udalbatzak urtarrilaren 19an egindako osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zion aurtengo Aurrekontu Orokorrari. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, interesatuek aztertu eta bidezko iritzitako alegazioak aurkez zitzaten, proiektua jendaurrean jarrita egon zen otsailaren 17ra arte. Egun hartan, EAko taldeak alegazioa aurkeztu zuen, jarraitutako prozeduran akatsa izan zela azalduz.
Aurkeztutako idatzian arrazoitu du, besteak beste, bilkura hartara ez zela urtarrilaren 15eko Ogasun batzordeko nahitaezko txostena eraman. EAren arabera: "Batzordean ez zelako bozketa egin, aktan jasotzen denez". EAk eta EAJk txostena ez zegoela ohartarazi zuten bilkuran; baina aholkularitza juridikoa jarraitutako bidea zuzena zela eta aurrekontuak bozkatu eta onartu ziren.
Gipuzkoako Diputazioak alegazio hori aztertu eta ondorioztatu du prozesua hasieratik hasi behar dela. Hortaz, eguaztenean berriz onartu ziren: Udal Gobernuak daudenek alde bozkatu zuten eta EAk eta EAJk, kontra. PSE-EE eta EB-Berdeak taldekoak abstenitu egin ziren; azken horretako zinegotzi Jose Luis Merinoren esanetan: "Lehen kontra bozkatu banuen ere, orain abstenitu egingo naiz, herria ezin delako aurrekontu barik egon. Gogor salatzen dut EAren jarrera".
Fusilatuen gaineko partida
Aurrekontuaren eztabaidan EA eta EAJ udal taldeek 26 zuzenketa aurkeztu bazituzten ere, atzera bota zituzten guztiak. Aurrekontu berrian aldaketa bakarra sartzea adostu zuten, EB-Berdeak hala eskatuta: gerran desagertutako herriko zazpi zibilen gaineko salaketak eta epaiketak egin ahal izateko euro bateko partida sortzea; kopurua aldatu egingo da, eskaririk egiten bada.
Pedro Lasagabaster alkateak "lotsagarritzat" jo zuen EAren jarrera. Aipatu zuen Ogasun batzordean bozketa egin zela eta aktetan ez dela inoiz horrelakorik jaso. EAko Karmelo Lezetari "txotxongilo lanak uzteko" gomendatu zion. Horren harira, dio esleituta dauden proiektuak bi hilabetez atzeratuko direla horregatik.