Preso daudenen senideendako laguntzak gertu

Mirian Biteri 2009ko abenduaren 14a

Etzi, eguaztena, da espetxean preso daudenen senideentzat banakako garraioko diru laguntzak eskatzeko azken eguna. Udaletxean dagoen eskaera orria bete eta hori Gizarte zerbitzuetan aurkeztu beharko da. Aurtengo aurrekontuetan 2.000 euroko partida aurreikusi dago horretarako.

Euskal Autonomia Elkartetik kanpo kartzelaraturik dauden pertsonen senideei haiek bisitatzeko bidaia gastuak ordaintzen laguntzeko Eskoriatzako Udalak eman ahal izango dituen diru laguntzen oinarriak argitaratu zituzten joan den astean.
Laguntza horien onuradunak honakoak izango dira: ezkontidea edo izatezko bikotea, seme-alabak, gurasoak eta neba-arrebak. Onuradun bakarra egongo da preso bakoitzeko. Gainera, laguntza eskatuko duten senideak zein presoak Eskoriatzan erroldatuta egon beharko dira.

Kilometro bakoitzeko 0,1 euro

Kopuruari dagokionez, oinarriek diote Eskoriatzatik espetxera dauden kilometroak (joan-etorria) 0,10 eurogatik biderkatutakoa izango dela. Laguntza horien gaineko informazio gehiago gura dutenak, abenduaren 10ean argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera sar daitezke.

Material bilketa

Bestalde, Espetxe Pastoraltzak Martutenen preso daudenendako material bilketa egiten dabil egunotan. Besteak beste, honako hau behar dute: barruko arropa berria, galtzerdiak, Telefonicaren Pinik gabeko telefono txartela, hortzetako pasta eta hortz-eskuilak, kartazalak, seiluak eta turroi biguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak