Atzoko goizari dagokionez, esan genezake batutako kopuruari dagokionez, ez zela oso probetxugarria izan, perretxiko gutxi hartu zituzten-eta. Kontuan hartu behar da aurten ez dela oso denboraldi ona izaten ari. Taldeak, dena dela, ederto pasa zuen, eta urtero moduan, geldiunea egin zuten hamarretakoa egiteko.
Jasotakoa larregi ez bazen ere, pozik jaitsi ziren Koldotxokoak herrira, helburua bete zutelako. Guraso elkarteen presidente Nestor Aranaren arabera, "perretxikoak batzeaz gain, umeek ikasi dezatela nahi dugu; hau da, pinudietan ze perretxiko mota irteten diren jakin dezatela, eta berdin bestelako tokiekin. Horrez gain, basoetan zelan portatu behar diren eta perretxikotan joateko behar dugun materiala erakutsi nahi diegu haurrei".
121 perretxiko mota
Bestalde, bazkaldu ostean, goizean basoan batutakoa sailkatzeari ekin zioten Luis Ezeiza ikastetxeko jantokian. Azken urteotan bezala, Durangoko Errotari mikologi taldekoak arduratu ziren zeregin horretaz, hainbat eskoriatzar eta arrasatearren laguntzarekin. Iluntzera arte ibili ziren han, 121 perretxiko mota sailkatzen.
Azkenik, domekan, erakusketa egin zuten. Eguraldiak larregi lagundu ez bazuen ere, jende nahiko batu zen eguerdian plazako arkupetan. Helduek perretxikoei erreparatzen zieten bitartean, neska-mutikoak marrazten ibili ziren; horren harira, perretxikoen lehenengo marrazki lehiaketa antolatu zuten.
40 partaide
Lehiaketa 10 urteko Jokin Salidok irabazi zuen; bigarren, 5 urteko Laura Martin, eta hirugarren, 3 urte baino ez dituen Iraia Gutierrez geratu ziren. Lehenak perretxikotan ibiltzeko bastoia eta labana irabazi zuen, eta beste biek, saski bana. Gainerakoen artean, margoak banatu zituzten. Guztira, 40 neska-mutikok parte hartu zuten lehiaketan, eta mendiko bizikletan lanean zeuden Gurutze Gorrikoek aukeratu zituzten marrazki irabazleak.