Perretxikoak, Ezkurtxo eta triala egongo dira asteburuan

Mirian Biteri 2009ko urriaren 15a

Ekimenei dagokienez, aste bukaera potoloa da oraingoa. Batetik, Luis Ezeiza ikastetxeko gurasoen elkarteak perretxikoak bildu eta sailkatu ondoren, erakusketa egingo du domekan. Arizmendi ikastolakoek, berriz, Ezkurtxorekin umeendako jaia izango dute zapatuan. Hori gutxi balitz, egun berean Euskal Herriko trial txapelketa jokatuko da.

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Luis Ezeizako umeak eta gurasoak perretxikotan joango dira zapatuan. 09:00etarako jarri dute hitzordua, herriko plazan. Han bertan erabakiko dute bilaketa non egin; iaz, esaterako, Arantzazu aldera joan ziren.

Bazkaldu ostean, berriz, goizean batutako perretxikoen sailkapena egingo dute ikastetxeko jantokian. Errotari Mikologi taldeko kideek egingo dute zeregin hori. Guraso elkartetik gogorarazi dute irteeran parte hartu ez dutenek ere aukera izango dutela Luis Ezeizara perretxikoak eramateko eta mikologian adituekin dituzten zalantzak argitzeko. Azkenik, domeka eguerdian erakusketa jarriko dute plazan.

Arizmendin, ezkurtxo

Bestalde, Arizmendi ikastolako Jose Aranako eta Almengo guneek Ezkurtxo eguna egingo dute zapatuan umeendako. Urtero egiten duten ekimen horren helburua da Eskoriatzako elizateak ezagutzea. Aurten, Mendiola bisitatuko dute bi eta hamar urte bitarteko neska-mutikoek. Jose Arana guneko Miren Segurak azaldu digu 15:30erako jarri dutela hitzordua. Lehen Hezkuntzako lehen mailatik beherakoak autobusez joango dira Mendiolaraino eta hortik gorakoak, berriz, oinez.

Lehenik eta behin, elizatea ezagutuko dute eta jarraian, hango elizan ipuin-kontaketa izango dute. Horrekin amaitzean, aspaldiko jolasekin gozatu ahalko dute,  hala nola tiragomak eta goitibeherak. Ezkurtxo eguna amaitu aurretik, txokolate jana izango dute elizatean.

Segurak nabarmendu gura izan du ekimena herritar guztiei zabalik dagoela. Horrekin batera, aipatu du 16:00etatik 19:00etara iraungo duela.

Triala

Kirol hitzordurik ere ez da faltako asteburuan, Euskal Herriko trial txapelketa egongo da-eta zapatuan. Lehia Apotzagan hasiko da, 15:30ean. Interesatuak Aretxabaletatik joan beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak