Otsailaren 23a baino lehen apuntatu beharra dago; 55 pertsonendako lekua dago.Izena ematerakoan, antolatzaileek 50 euroko bermea eskatuko dituzte. Eskoriatzako kirol elkarteak jakinarazi du, aldi berean, inguruetako herrietako jendea hartzeko gertu dagoela.
Irteerako hitzordua, esan bezala, otsailaren 28rako jarri dute, 05:00etan. Lau ordu inguruko bidaia egin ostean, eskiatzaileek egun osoa emango dute estazioan gora eta behera.
Materiala alokatzeko aukera
Eskiatzeko materialik ez dutenek, bi egunetarako alokatzeko aukera izango dute han. Baina, bakoitzak ordaindu beharko du eski edo snow board taularen eta boten alokairua. Arratsaldean, 17:00ak aldera, autobusean igoko dira berriro Soulom herrian dagoen ostatura joateko.
Domeka goizean Luz Ardidenera bueltatuko dira eskiatzaileak eta arratsaldean, aurreko egunean alokatutako materiala dendan utzi eta etxera itzuliko dira.Eskoriatzara 21:00ak inguruan iritsiko dira.
Prezioaren barne
Eskiatzaile bakoitzak, esan bezala, 110 euro ordaindu beharko ditu. Prezio horretan bi egunetako forfaita, autobusa eta pentsio erdia sartuta dago. Pentsio erdiaren barruan, zapatuko afaria eta domekako gosaria ordainduta dago. Bakoitzaren esku geratuko da zapatuko gosaria eta bazkaria eta domekako bazkaria. Horren harira, antolatzaileek gogorazi gura izan dute bazkaria eski pistetan egingo dela.