3 eta 12 urte bitarteko hamabost bat laguneko taldea batu da bertan eguazten goizean. Bi taldetan banatuta egoten dira normalean: 3-6 adin tartekoak batetik eta 7tik 12 urtera bitartekoak bestetik, baina zapatuetan eta egun berezietan guztiak batera egoten dira, horrek begiraleen lana apur bat zailtzen badu ere. Goizetan pare bat ordu ematen dituzte elkarrekin, 11:00etatik 13:00etara.
Egitarau zabala
Ekintza ezberdinak antolatu dituzte aste honetarako: pelikula emanaldiak, kantu eta ipuin kontaketa saioak, janari dastatzeak… Gaur, eguaztena, kanpo jolasak egitea zen asmoa, baina eguraldiak laguntzen ez zuela ikusita, ludotekan bertan geratu dira: mahai jolasak egin, mozorroak jantzi, argazkiak ikusi… denetik egin dute apur bat. Ludotekara gustura joaten al diren galdetu diegu eta baietz erantzun digute, nahiz eta eskolara itzultzeko gogo apur bat badutela ere aitortu diguten. Guztiek ez zuten, ordea, iritzi bera, noski, eta tartean baziren oporretan eguneroko martxan baino hobeto pasatzen dutenak.
Barikura arteko egitaraua gertu daukate Tortolis ludotekan: eguenean, martxoak 27, eskulanak egingo dituzte; eta egubakoitzean, martxoak 28, altxorraren bila jardungo dute. Asmoak betetzen saiatuko dira eta, ezin bada, aurkituko dute beste egitekoren bat, era batera edo bestera, ondo pasatzea dutelako helburu.