Ondarea berreskuratu eta zabaltzeko hainbat lan

Iker Barandiaran 2007ko api. 27a, 12:13
Udaleko Turismo eta Ondare Sailak hainbat egitasmo landu ditu azken aldian. Batetik, Kurutzeberriko estazio megalitikoa seinalatzeko gailuak jarri dituzte; bestetik, Zubiateko laba bereskuratzeko lanean dabiltza; eta azkenik, Leintz ibarraren gaineko ikus-entzunezkoa egiten dabiltza. Hori guztia Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin ahal izan dute.
Kurutzeberri estazio megalitikoa Kurtzebarri mendiaren mendebaldean dago, eta Jaurlaritzak kultura ondasun izendatuta du, monumentu multzo izendapenarekin. Ingurune horretan hiru tumulu daude. Tumuluak Brontzearen eta Kobrearen garaietako hilobi-elementuak dira; hau da, 5.000 eta 3.000 urte artekoak dira. Oinarrian ganbara txiki bat dute, zutikako hainbat harlauza txikiz osatuta; gainean beste harlauza bat; eta hori guztia erabat estaliz, harriak eta lurra jarrita daude modu ordenatuan, oinarri biribileko tumulu bat osatuz.

Tumulu horien gaineko informazioa zabaltzeko eta hilobi-elementuak non kokatuta dauden azaltzeko seinale handi bat jarri dute Bolibar eta Eraña arteko bidegurutzean, errepide izkinan. 

Tumuluen gaineko triptikoak

Horrez gain, Turismo eta Ondare Sailak tumuluen gaineko triptikoak argitaratu ditu. Horietan Erañan dauden Puntiaga, Asuntzeta mendebaldeko eta Asuntzeta ekialdeko tumuluen gaineko informazioa eta airez egindako argazki-mapa batu dituzte. Ibarraundi museoan, udaletxean bertan eta inguruetako hainbat ostalaritza negoziotan banatu dituzte triptikoak.

Zubiateko labea konpontzen

Bestalde, udaletik jakinarazi digute Zubiateko labea aldamioz inguratuta dagoela, eta Arantzadikoek hartu dutela lanen ardura. Helburua da labea barrutik eta kanpotik berreskuratzea. Horretarako, apurtuta dauden zatiak konpontzen eta harria garbitzen dihardute, besteak beste.

Lan horiek hilabete eta erdiko iraupena izango dute. Labea XIX. mendeko erdialdetik XX. mendera artera egon zen lanean, eta historialarien esanetan garrantzitsua da. Udalaren asmoa da labearen inguruan zeramikaren gaineko museo-proiektua lantzea.

Leintzeko ikus-entzunezkoa

Ondarearen alorrarekin jarraituta, Sormen enpresak, Udalaren enkarguz, Leintz ibarreko historiaren gaineko ikus-entzunezkoa egiten dihardu. Irudiz eta soinuz osatutako dokumentu horretan Leintz ibarreko Erdi Arotik gaur egunera arteko historia laburtuko dute. Horretarako, hainbat historialarik gidoia idatzi dute: Aitor Antxiak, Iñaki Urretak, Bea Akizuk eta Isabel Guridik, besteak beste.
Ekaineko lehenengo astean aurkeztuko dute, eta Ibarraundin jarriko dute betirako. Baliabide oso modernoak izango ditu, eta ikusle guztiendako egingo dute: ikasleendako, historia zaleendako eta baita turistendako ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak