Olaeta plazan kokatuta dagoen pilotalekua estaltzea aztertzen dabil Udala. Horretarako, hainbat alternatiba berrikusten dabiltza. Kontu hori iaztik dator. Hain zuzen ere, joan den urtean auzoko hainbat gazte etxez etxe joan ziren helduen sinadurak batzera, eta horiek guztiak (100etik gora) udaletxera eraman zituzten. Gazteen helburua zen auzoan duten pilotalekua estaltzea, sarea gorago jartzea eta frontoiaren ondoan saskibaloirako saskiak jartzea. Udal hauteskundeen aurretik Juan Carlos Bengoa orduko alkatearekin batzartu ziren, eta Udala lanean jarri zen.
Auzotarren eskaera
Irailean, saskibaloian jokatzeko bi saski jarri eta frontoiko sarea igo zuten, baina oraindik pilotalekua noiz estali zain daude. "Auzotar askok eta Unibertsitateko ikasleek ere erabiltzen dugu frontoia frontenisean, palan, futbolean edota esku-pilotan jokatzeko. Auzoaren eskaera da hori", azaldu ziguten frontenisean harrapatu genituen gazte batzuek. Eta gaineratu zuten argien gaineko kexa ere badutela: "00:00ak arte ez dituzte pizten, eta guri komeni zaigu ilundu ahala argiak jartzea".
Kirol proiektu gehiago
Horrekin batera, Udala aztertzen dabil udal pilotalekua berritzea, boulder aretoa egitea, Luis Ezeizako kantxa berritzea eta kiroldegia konpontzea.